Bertako lehen onddo eta gibelurdinak
Aste honetako kronikan eguraldiari aipamenik ez egitea erabaki dugu, lehendik duguna jasatearekin nahikoa baitugu gainera gaiari buelta gehiago ematen aritu gabe, astea joan astea etorri, beste konturik ez baitabil hitzetik hortzera.
Espezie mikologikoek arreta bereganatu dute beste behin ere. Lehen onddo kiloa ekarri du Aierbe ataundarrak eta Lasaren postuan zeuden salgai, 30 euroan kiloa. Baliarraingo Edurne Jauregiren postuan berriz, gibelurdinak; «600 gramo ekarri ditut, anaiak bilduak, baina laster saldu dira». Kiloa 25 euroan zuen. Mahaiz mahai, berriz, zazpi kilo udaberriko ziza batu ditugu, kiloa 30 euroan.
Kanpokoak berriz, hamar bat kilo gorringo ere baziren, baita onddo eta ziza kilo mordoxka, zizahori eta hankaluzeak ere. Hemengo edo kanpoko, baina aukera zabala bai behintzat.
Magurdiak hasi dira
Barazki eta frutetan magurdiak edo franbuesak aipagai, Zurutuza ahizpek ontzi txikietan txukun asko aurkeztuak ekarri dituzte, urtero bezala. Postua edertuz eta erosleen aukera zabalduz, peonia, txinatar krabelina eta astromeria loreekin osatutako lore sorta ederrak ere bazituzten, 4 euroan bakoitza.
Aramako marrubiak ere astero dira aukeran Patxi Arizmendiren postuan (3 euroan kiloa), oraintxe hasi berria baita hauen garaia, nahiz eta kanpoko postuetan ia bukatutzat eman duten; baina horiek, Andaluziakoak eta Marokokoak izan ohi dira.
Sukaldarien erreferentzia
Zer erosia ez ezik, zer ikasia franko bada asteroko herriko merkatuetan, eta horren froga da hainbat sukaldarik pedagogia iturri izan ohi dituztela. Atzo, beste askotan bezala, Tolosako Fronton Jatetxeko Roberto Ruiz zebilen Bask Culinary Centerreko ikasle bat lagun zuela; aspaldi ez dela, japoniar talde batekin ere izan zen. Garaiko produktuak, kalitatea eta gutiziak irakasgai, salmenta toki bizi hauetan hizpide izan ohi ditu.
- Azokako prezioak