
Bihar hasiko Ataunen organo barrokoaren nazioarteko jaialdia, Gerardo Rifon organojolearekin, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin eta Xabier Anduaga tenorearekin. Biharkoa izango da uztaileko eta jaialdiko lehen emanaldia eta hurrengo bi larunbatetan jarraituko du jaialdiak. Ana Belen Gacia organojolea eta Joxean Goikoetxea akordeoi eta perkusio jotzailea ariko dira uztailaren 19ko saioan, eta haiekin batera Piel Paur Berzaitz abeslaria.
Hilaren 26ko emanaldian, berriz, Loreto Aramendi arituko da organoa jotzen, eta alboan izango ditu Nicolas Zubia Herrero tronpetajolea eta Diddier Bousquest tronpetajolea. Hilabete honetako emanaldi guztiak 18:00etan izango dira, Tourseko Martin Deunaren elizan.
Abuztuan ikastaroa ere bai
Nazioarteko jaialdiak abuztuan izango du jarraipena, eta emanaldi bakarra egongo da. Abuztuaren 3an izango da, igandez, eta Ana Aguado organojolea arituko da organoan. Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatutako saioa izango da abuztuaren 3koa.
Jaialdiaren amaieran ikastaroa ere egingo dute aurten. Nazioarteko organo Erromantikoaren inguruko ikastaroa izango da, eta Maximo Aierbek eta Esteban Elizondok aurkeztuko dute. Ataungo organoa Barrokoa bada ere, duen balioagatik egingo dute ikastaroa Ataunen, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Ataungo Udalak dei berezia egin du jaialdira gerturatzeko, «herritarrok gure eskuetan daukagun altxor hau gozatu dezagun», zehaztu dute. Aurtengoa Ataunen antolatzen duten zortzigarren jaialdia da.
Emanaldiak
Uztaila
- Hilak 12. Gerardo Rifon, Ainhoa Zubillaga eta Xabier Anduaga.
- Hilak 19. Ana Belen Garcia, Joxean Goikoetxea, Pier Paul Berzaitz.
- Hilak 26. Loreto Aramendi, Nicolas Zubia eta Diddier Bousquest.
Abuztua
- Abuztuak 3. Ana Aguado.
- Abuztuak 4. Organo Erromantikoaren ikastaroa.