Ataun 35 urte korrika
Gutxik irudikatuko zuen, 1979an, praka motzak jantzita errepidean korrika egiteko ohitura zer nolako arrakasta izango zuen 35 urte geroago. Ataunen zenbaitzuk ikusi zuten zerbait, eta Oargi-Troskaeta elkarteak Hiru Auzoetako Korrikaldia antolatzeari ekin zion. Urte batean huts egin ondoren, igandean 34. ekitaldia du. Lasterketa berezia da Korrikaldia. Batetik, ibilbideagatik: Gipuzkoako herri luzeenaren fama baliatuz, Ataungo hiru auzoak lotzen ditu, joan-etorrian. Bestetik, gogortasuna: San Martingo plazako 198 metroetatik 400era. Gaur egun 17,8 kilometroko ibilbidea osatzen du. Baina ez da beti hala izan. Aurreneko hiru urteetan maratoi erdiko distantzia (21 kilometro) zuen Korrikaldiak. Kurioski, hiru lasterketa haiek Agustin Zabaleta leitzarrak irabazi zituen, 1979koa, 1980koa eta 1981ekoa. Neurri horretako denbora marka 1:07:47 orduan geratu zen. Ondoren, 1982tik aurrera, beste urte mordoxka batean 17 kilometro pasakoa izan da, maratoi erdia «gogorregia» zela eta. Hor bada aldagai bat, hain justu denbora-markak puskatzea zailtzen duena. Zenbait antolatzailek dioenez, gaur egungo ibibildeak 300-400 bat metro gehiago du, hasieran bi itzuli egin eta atzeko bidetik joaten direlako korrikalariak. Hala, gizonezkoetan indarrrean dagoen marka Pello Garinek 1990eko hamarkadan jarritakoa hartzen dute: 56:12. Emakumezkoetan, 2010ean Maite Maiora elgoibartarrak hautsi zuen lehenik, eta 2011n Leire Elosegik ondu zuen, orain indarrean dagoen 1:07:13. Hasieran ekainean jokatzen zen, San Martin auzoko jaiak orduan egiten [...]
Gutxik irudikatuko zuen, 1979an, praka motzak jantzita errepidean korrika egiteko ohitura zer nolako arrakasta izango zuen 35 urte geroago. Ataunen zenbaitzuk ikusi zuten zerbait, eta Oargi-Troskaeta elkarteak Hiru Auzoetako Korrikaldia antolatzeari ekin zion. Urte batean huts egin ondoren, igandean 34. ekitaldia du.
Lasterketa berezia da Korrikaldia. Batetik, ibilbideagatik: Gipuzkoako herri luzeenaren fama baliatuz, Ataungo hiru auzoak lotzen ditu, joan-etorrian. Bestetik, gogortasuna: San Martingo plazako 198 metroetatik 400era.
Gaur egun 17,8 kilometroko ibilbidea osatzen du. Baina ez da beti hala izan. Aurreneko hiru urteetan maratoi erdiko distantzia (21 kilometro) zuen Korrikaldiak. Kurioski, hiru lasterketa haiek Agustin Zabaleta leitzarrak irabazi zituen, 1979koa, 1980koa eta 1981ekoa. Neurri horretako denbora marka 1:07:47 orduan geratu zen.
Ondoren, 1982tik aurrera, beste urte mordoxka batean 17 kilometro pasakoa izan da, maratoi erdia «gogorregia» zela eta. Hor bada aldagai bat, hain justu denbora-markak puskatzea zailtzen duena. Zenbait antolatzailek dioenez, gaur egungo ibibildeak 300-400 bat metro gehiago du, hasieran bi itzuli egin eta atzeko bidetik joaten direlako korrikalariak.
Hala, gizonezkoetan indarrrean dagoen marka Pello Garinek 1990eko hamarkadan jarritakoa hartzen dute: 56:12. Emakumezkoetan, 2010ean Maite Maiora elgoibartarrak hautsi zuen lehenik, eta 2011n Leire Elosegik ondu zuen, orain indarrean dagoen 1:07:13.
Hasieran ekainean jokatzen zen, San Martin auzoko jaiak orduan egiten zirelako. Festekin batera aldatu zuten urri-azarora, Behobiaren aurrean jarriz.
Gain saria markarentzat
Eginahalak egiten dituzte Garinen marka hobetzen. Diru sari gehigarriak ere ipintzen dituzte, korrikalarien pizgarri edo. 1995ean, adibidez, 25.000 pezeta jarri zituzten; aurten, 300 euro daude, bai mutilentzat, bai neskentzat, errekorra jarriz gero.
Korrikalari kopuruak ere gora-beherak izan ditu, urte hauetan guztietan. Jendetsuena lehen edizioa izan zen, 167 korrikalarirekin. Harrezkero, 100-120 inguruan ibili ohi da.
Goierriko korrika proba beteranoenetakoa da Korrikaldia. Bere historian antolakuntza arloan ere izan dira aldaketak. Oargi kultur elkarteak eutsi zion, urte askoan. Zuzendaritzako kideek hartzen zuten ardura, jende gehiago edo gutxiago. Oargik utzi zionean, duela hamar bat urte, Pako Urrestarazuk heldu zion. Haren txanda, orain hiru urte, Ataungo Korrikalari Taldeak hartu zuen.
Igor Aierbe alkatea da taldeko kideetako bat. «Sei-bat lagun ari gara Korrikaldia antolatzen, azkeneko hiru urteotan. Pakok uzteko erabaki zuenean, lagun talde bat elkartu ginen eta geuk hartu genuen konpromiso hori, ez genuelako Korrikaldia bertan behera utzi nahi, hainbeste urte eta gero», dio Aierbek.
Hain zuzen, eta zenbaitetan antolatzen kosta den arren —egin ez den urtean antolatzaile faltagatik ez zen izan—, maitea dute ataundarrek beren lasterketa. Ospea herriz kanpora ere zabaldu zaio. Lehenengo urteetan korrikalari gehienak ataundarrak baziren, Goierri osokoak eta handik harandikoak joaten dira gaur egun.
Korrika zaletasunaren loraldiak, ordea, paradoxikoki kemena ere kentzen dio partaidetzari. «Ataungoaren egunean Donibanen beste karrera bat egokitzen da. Azkeneko urteetan 100 parte-hartzaile inguruan gabiltza», dio Aierbek.
Aniztasunaz gain, kirol eskakizun maila ere dezentekoa du Korrikaldiak. «Proba gogorra da, Behobia baino distantzia txikiagoa da, baina gogorragoa. Batzuek prestakuntzarako sartzen dute, baina Ataungoa ez da erraz-erraz horietakoa».