Oporretan ere pilotan
Ataungo Gabonetako pilota txapelketan 128 neska-mutiko aritu dira. 72 partida jokatu dituzte. Urretxun, Gabon Kopako finalean Hurtado omendu eta 'Biskai' hil berria gogoratu duteHaurren artean pilota zaletasuna indartzeko garai aproposa dira Gabonak. I...
Ataungo Gabonetako pilota txapelketan 128 neska-mutiko aritu dira. 72 partida jokatu dituzte. Urretxun, Gabon Kopako finalean Hurtado omendu eta ‘Biskai’ hil berria gogoratu dute
Haurren artean pilota zaletasuna indartzeko garai aproposa dira Gabonak. Ikastetxeen oporrak baliatuz, txapelketak antolatu ohi dituzte elkarteek, eta herriz gaindiko dimentsioa hartu dute batzuek. Ataungo eta Urretxuko kasuak dira.Ataunen Gabonetako III. Pilota Txapelketa garatu da. Denera 128 neska-mutikok parte hartu dute, 2001 eta 2006 artean jaiotakoak, bost mailatan. Urtarrilaren 3an jokatu zituzten finalak, San Martin auzoko Auzoeta kiroldegian, guztira 72 partidaren artean azkenera iritsita.
Ataunen, sei txapeldunetatik hiru, gainera, bertakoak izan dira. 2006ko benjaminetan Zegamako Tartaloetxe 2k irabazi du, Ataun 3C-ren aurka. 2005eko benjaminetan Ataun 4C nagusitu zaio Tartaloetxe 3ri. Alebin nesketan, paletaz, Ataun B-k 16 eta 11 irabazi zion Ataun A-ri. 2004ko alebinetan, Ataun 5C gailendu zaio Lazkaoko Lapke 2ri, eta 2003koetan Olaberriko Arkupe Lapkeri. Azkenik, infantiletan (2001-2002koak), Lapke 2 lazkaotarrek Beasaingo Murumendi 2 menderatu zuten. Ataun Kirol Elkarteko antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Ataungo txapelketara joan diren pilotari, guraso eta laguntzaile guztiei, «kiroltasunagatik eta azken egunetako hotz ikaragarriak hain ondo jasateagatik».
Urretxun, omenaldiak
Ibilbide luzeagoa du Urretxuko Gabon Kopa txapelketak, Goierri elkartearen pilota eskolak antolatua. Igandean izan ziren finalak, Ederrena pilotalekuan. Goierri garaiko pilotariek parte hartu dute, Urretxu, Zumarraga eta Legazpikoek batik bat.
Zortzi maila bereizi dituzte. Txapeldunak hauek izan dira: Aizpurua-Altzelai (benjamin aurrekoak A), Pildain-Mediavilla (benjamin aurrekoak B), Armaolea-Agirrezabal (benjamin A), Etxaniz-Juaristi (benjamin B), Ezama-Valdivielso (kimuak A), Perez-Izagirre (kimuak B), eta Izagirre-Garcia (haurrak)
Seniorretan lau t’erdian aritu dira pilotariak. Unai Alberdik 18 eta 3 gainditu zuen Jon Apaolaza finalean (emaitza guztiak otamotz.com atarian daude).
Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik, Antonio Hurtado epailea omendu zuten Ederrenan. Bestetik, Urteberri egunean hil zen Juan Mari Areitio Biskai epailea ere gogoratu zuten. Gainera, oilasko bat zozkatu zuten bertaratuen artean; Oier Ibarluzeak irabazi zuen.












