Mitologia oinarri, ipuin eta marrazki lehiaketak antolatu dituzte Ataunen
Gazteenen artean idazketarako grina sustatzeko lehiaketa antolatu du Jentilbaratza Elkarteak. Apirilaren 18an marrazketa lehiaketa ere egingo dute, txikienekinJentilbaratza Elkarteko kideek ipuin eta marrazki lehiaketa ntolatu dute Ataunen, lehenbiziko...
Gazteenen artean idazketarako grina sustatzeko lehiaketa antolatu du Jentilbaratza Elkarteak. Apirilaren 18an marrazketa lehiaketa ere egingo dute, txikienekin
Jentilbaratza Elkarteko kideek ipuin eta marrazki lehiaketa ntolatu dute Ataunen, lehenbiziko aldiz. Jentilen Etorrera nahiz mito eta kondairen inguruan antolatzen dituzten ekitaldietarako gidoigile lanetan aritzen da Jon Aizpurua; hasia dago horretan Monika Arratibel ere. Lan hori, baina, gutxi batzuen esku utzi beharrean, egitekoa nola zabaldu pentsatzen bururatu zitzaien haurren artean idazketarako ohitura hori sustatuko lukeen egitasmoa prestatzea.Hamabi urtetik hamasei arterainoko gazteentzat prestatu dute ipuin lehiaketa. Ataundarrek hartu ahal izango dute parte bertan, euskaraz. Hori bai, mitologia pertsonaiak eta Ataungo txokoak izan dituzte oinarri.
«Gaztetxoak hemen txikitatik ohituta daude istorio zaharrak entzuten, mitologia pertsonaien kontuak entzuten. Guk horiek idazteko pausoa emateko aukera jarri diegu», dio Monika Arratibelek.
Apirilaren 15era bitartean izango dute herriko gazteek lanak aurkezteko epea; jentilbaratzake@gmail.com helbidera bidaltzea nahikoa izango da. Epaimahai lanetan berriz, elkarteko kideak arituko dira. Hamabi urtetik hamalu urte bitartekoak kategoria baten arituko dira; hamalautik hamaseirakoak beste batean. Saritan, herriko komertzioetan gastatzeko bonoak emango dituzte.
Txikiagoei berriz, marrazteko gonbita egin diete. Joxemiel Barandiaran herri eskolako bost urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte. Apirilaren 18an izango da lehiaketa, 16:00etatik 18:00etara. Arratibelek, baina, arratsalde «berezia» izango dela ziurtatu du.
Marrazkiak egiteko orriak bertan banatuko dituzten arren, gainontzeko materiala norberak eraman beharko du. Kasu honetan ere euskal mitologiaren inguruko edo Ataungo txokoei buruzko marrazkiak izan beharko dute.












