Isidro Baztarrika ezagutarazteko ikus-entzunezkoa egin dute ilobek
Apaiz, euskaltzale, bertsozale eta euskaltzain ataundarraren bizitza, lana eta pertsona bildu dute. DVDa etzi aurkeztuko dute, eta larunbatean zineman ikusi ahalko daIsidro Baztarrika Munduate pertsona isila eta umila zen, ezagutu zutenek diotenez. Hot...
Apaiz, euskaltzale, bertsozale eta euskaltzain ataundarraren bizitza, lana eta pertsona bildu dute. DVDa etzi aurkeztuko dute, eta larunbatean zineman ikusi ahalko da
Isidro Baztarrika Munduate pertsona isila eta umila zen, ezagutu zutenek diotenez. Hotsik atera zalea ez, inondik ere. Baina oihartzun handia dute hark egindako lanek, landutako harremanek eta lagundutakoen esker onak. Langilea, euskararen eta kulturaren alde saiatua zen.Haren familiak, Arin eta Baztarrika ilobek, Aita Isidroren bizitza DVDan bildu dute. Dokumentazio lan eskerga eginda, Txema Zubizarretak lagundu die ikus-entzunezkoa eratzen.
Fraide beneditarra izan zen 52 urtez. Lazkaon hasi 9 urterekin, eta Estibalitzen (Araba) hil arte, ia 61 urterekin, 1992an. Tartean Erroman ikasi zuen. «Oroitzapen nabarmenak utzi zituen bera pasa zen leku guztietan», diote Arin ilobek. Hala, zortzi lagun elkarrizketatu dituzte, Baztarrikaren bizitzaren lekukotza lehen eskutik eman dutenak.
Arbotoneta baserrian jaio zen, 1931n, 11 senideko familian —10.a zen bera—. Jokin Apalategik azaldu du DVDan orduko Ataungo giroa. «Elizgizon osoa izateaz gain, bertsozale eta euskaltzale amorratua zen», gogoratu dute. Patxi Etxeberria bertsolaria elkarrizketatu dute, hari horretatik.
Euskalaritzan, aurrean
Idazlaritzan lan oparoa egin zuen Baztarrikak. Idatzi liturgikoak dira gehienak.1963ra arte Lazkaoko Santa Teresa komentuan bizi izan zen, eta urte hartan Estibalitzera bidali zuten, hango buru izendatuz. Baina euskalaritzan, gramatika arloan nahiz euskal aditz egiturak batzen, lehen lerroan jardun zen.
Ordiziako Laguntasuna elkartean 1959an gau eskolak ematen hasi zen, baita Lazkaon gazteei euskara irakasten ere, Antonio Azkuerekin. «Jendeak euskara ikas zezan asko arduratu zen. Sarri bidaltzen zuen bakarren bat Telleriazpi baserrira, euskara ikastera». Ricardo Gonzalez de Durana arabar bertsolari txapeldunak, esate baterako, hor ikasi zuen euskara.
Elbira Zipitria maistrarekin hartu-emana bazuen, eta euskal aditza, Nor-Nori-Nork ezaguna, harekin ikasi zuen. Ahoz jasotako ikasketa horiek baliatuz, handik urte batzuetara, 1968an, Aditza, el secreto del verbo vasco liburua argitaratu zuen.
Gasteizko ikastola sortzen lagundu zion Izaskun Arrueri. Euskararen eta euskal kulturaren gainbeherarekin kezkatuta zegoen. Eliz giroko testuak euskaratzen ere lan handia egin zuen. Gure aita euskara batuan Baztarrikak kantatu zuen lehenengo aldiz, Estibalizen. 1964an Jaunaren deia sortu zen, euskal teologoen aldizkaria. 1970-73 bitartean zuzendaria izan zen.
1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Arantzazun, 1968an, euskara batuaren batzarretan izan zen, Arabako ordezkari. Hango pasarte batzuk ere azaltzen dira ikus-entzunezkoan. Adibidez, h-aren aldeko zen, hizkuntzalari jantzienak bezala.
Pertsona jakintsua
Baztarrikaren berri biltzen komentuetan eta artxiboetan ibili dira. Baina etxean ere bazeukan. «Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotz-bihotzez, parte hartu duten guztiei eta lan hau egin duten guztiei. Bereziki bati: Aita Isidroren arreba zena, Pilar Baztarrika. Berak ongi gorde zituelako argazki zahar, liburu, idatzi eta abar. Hari esker egin da lan hau».
Agustin Apaolaza zeraindar fraidekidea izan dute beste berriemaile garrantzitsu bat. Erroman ikaskide izan ziren, baita geroko ibilbidean ere.
«Guk ez genekien zer egin zuen osabak. Hona astebete etortzen zen, opoerretan. Hain umila zen. Gauza asko ez zituen berak esaten, eta orain jakin ditugu geuk ere», diote ilobek.
Pertsona jantzia zen. Zortzi hizkuntza zekizkien. Eta garaiko egoera sozio-politikoarekin konprometitua. «Lazkaon jaso zuen zer giro zegoen, eta asko busti zen gero laguntzen».
«Lan hau egin dugu jendeak jakin dezan nor izan zen. Batetik lana eskertu nahi diogu. Bestetik, pertsona eta lana ezagutzera eman. Uste dugu Ataungo herriak merezi lukeela kontuan edukitzea zer egin duen».












