Egunak eta gauak bat, Ataungo bideetan
Gaueko ibilaldi mitologikoa egingo dute, bihar, Ataungo San Gregorio auzotik San Martinera. Mitoak, izaki miragarriak eta istorio liluragarriak erakutsiko ditu Jenbilbaratza elkarteak herri-bidean. Aurretik, museoa eta multzo hidraulikoa, irekita.Ilunb...
Gaueko ibilaldi mitologikoa egingo dute, bihar, Ataungo San Gregorio auzotik San Martinera. Mitoak, izaki miragarriak eta istorio liluragarriak erakutsiko ditu Jenbilbaratza elkarteak herri-bidean. Aurretik, museoa eta multzo hidraulikoa, irekita.
Ilunbistan kontatzen diren istorioek beste dimentsio bat hartzen dute norberaren ortzian. Une ikusgarria izateaz gain, magikoa ere suerta daiteke eguzki amandrea itzali eta gaueko munduari atea irekitzen zaion garaia. Ataunen, bi osagai horiek uztartuko dituzte: euskal mitologia eta udako arrats-gau ostargia. Naturaz, inguruko paisaia zaharrez eta elementu arkitektoniko interesgarriez hornituta, noski.Jentilbaratza kultur elkarteak eta Gipuzkoako Parketxeen Sareak IV. Gau Ibilaldi Mitologikoa prest dute. Bihar, larunbata, 20:30ean hasiko da oinezko txangoa. Aurreko ekitaldietako egitura antzekoa izango du ikuskizun ibiltariak: San Gregorioko Barandiaran Museotik abiatu, eta San Martinen Ataungo udaletxearen parean bukatuko da txangoa.
Hiru kilometro inguru dira distantziaz, eta hiru-bat ordu iraupenez. Ehunka lagun joatea espero da —izena eman beharrik ez dago—, eta ibilaldia bi txandatan banatuko dute.
Naparbide edo Ataungo herri-bide zaharrean barrena joango dira bisitariak, Agauntza errekaren albotik, baso, zelai eta baserri zaharren artetik.
Bost gunetan ikuskizunak
Iluntzean, 20:30ean, irteera errogatiba batek emango dio Gau Ibilaldi Mitologikoari. Garai batean, euria eskatzeko soroetan egiten ziren otoitz bereziak gogoratuko dituzte. «Gazteak sekula ikusi gabeak gara errogatibak. Lehengoan egin zuten proba, santua aterata eta latinez kantatuta. Berezia izango da», aurreratu du Jentilbaratza elkarteko Mikel Egiguren ataundarrak.
Sarrera-ikuskizun horren ondoren, eta behin martxa hartutakoan, bidean beste lau tokitan izango dira ikusgarriak, geldialdia eginda. Joxe Migel Barandiaranen bizitzako pasadizo bat irudikatuko dute, Ipar Euskal Herrian exiliatuta zegoen garaikoa: judutar bati naziengandik ihes egiten lagundu zion pasartea. Apaiz zaharra ere azalduko da.
Mitologiari helduta, Motasoro aldean jentilak azalduko dira, eta aurrerago sorginak. Bukaeran izango da azken ikuskaria. Hala ere, bidean edonoiz eta edonondik aterako dira izaki magikoak, gaueko miragarriak eta bestelako pertsonaia mitikoak.
«Ikuskizunen egitura besteetako antzekoa izango da aurten ere. Antzezpenak zerbait aldatuko ditugu, ez dira aurreko urteetako berdinak izango», dio Egigurenek.
Egun pasa egiteko aukera
Gauaz bakarrik ez, larunbatean egun osoan goza liteke Ataunen. Berezko aukeraz gain, ohi baino aukera zabalagoa izango da gainera. Esate baterako, Barandiaran Museoa eta alboko multzo hidraulikoa zabalduko dituzte, goizetik. Doan bisitatu ahalko dira txoko horiek. Beste ekitaldi guztiak ere debalde dira, garraioa eta mokaduak barne.
Jentilbaratzako laguntzaile Joxe Bikuñak aurreratu duenez, «ikuspegi herrikoia» Ataun osora zabaldu nahi dute, Gau Ibilaldi Mitologikoa baliatuz. «Larunbat goizean San Martindik San Gregoriora ibilaldia egin liteke. Han, museoa, XVII. mendeko errotatxoa, XX. gizaldi hasierako zerrategia ikus ditzakete bisitariek, doan», dio Bikuñak, gonbidapena luzatuta.
Arratsaldean, berriz, Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko IX. Jaialdiko lehenengo kontzertua izango da, Tourseko San Martin elizan —San Martin auzoan—, 18:00etan. Beasaingo Loinatz abesbatzak abestuko du, eta 1761eko organo barrokoa Gerardo Rifon donostiarrak joko du. «Kontzertua bukatutakoan, autobusa hartu eta San Gregoriora hurbiltzea da geratzen dena, Gau Ibilaldi Mitologikorako», gogorarazi du Bikuñak.
Afaltzeko denboraz larri ibiliko direnengan ere pentsatu dute. Irten aurretik, lehenengo mokadutxoa izango da, pintxoak eta sagardoa, «ibilaldirako indarrak hartzeko». Bukatutakoan ere beste horrenbeste, «arrakasta ospatzeko». Dena pentsatuta dute, gau borobil baterako.
Jentilbaratza eta Parketxe sareak antolatutako egitaraua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ataungo Udalak, Aralar Parke Naturalak, Otsoak dantza taldeak, eta Ampo, Orkli eta Irizar kooperatibek babestu dute.
Ipuin eta marrazki sariak
Larunbat arratsean, ibilaldia hasi aurretik, Jentilbaratza kultur elkarteak aurten lehenengo aldiz egin dituen ipuin eta marrazki lehiaketetako sariak banatuko ditu, 20:00etan, Barandiaran Museoaren aurrean.
Jentilen Baratza I. Ipuin Lehiaketarako lanak biltzeko epea apirilaren 15era arte zegoen. Izen bereko I. Marrazki Lehiaketa, berriz, apirilaren 18an burutu zuten. Sarituen izenak bihar jakinaraziko dituzte.












