EAJk eta PSE-EEk trabak jarri eta «errealitatea aldatzea» leporatu diote oposizioari
EH Bilduk eta Ordizia Orainek esandakoei erantzunez, hartutako konpromisoak betetzen ari direla azaldu dute udal gobernuko taldeek. Hondakinen kontsulta egiteko asmoa berretsi duteOrdiziako udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek «bidegab...
EH Bilduk eta Ordizia Orainek esandakoei erantzunez, hartutako konpromisoak betetzen ari direla azaldu dute udal gobernuko taldeek. Hondakinen kontsulta egiteko asmoa berretsi dute
Ordiziako udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek «bidegabe» jokatzea eta «errealitatea aldatzen» aritzea leporatu diote oposizioari. Pasa den astean EH Bilduk eta Ordizia Orainek egindako agerraldiari erantzun nahi izan diote horrela, prentsaurreko hura «estrategia politiko bategatik» eman zutela salatuz. Orain arte egindako bidea berretsi eta hondakinen bilketa sistemari buruzko kontsultarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa azaldu dute.Jose Miguel Santamaria alkateak atzo azaldu zuenez, EAJ eta PSE-EE «harro» daude «hauteskundeetan hartutako konpromisoak betetzen» ari direlako. Hala, «kontsultarako prozesua hasita» dagoela eta oposizioko alderdiak prozesu hori gelditzen saiatzea «penagarria» dela dio. Bere ustez, hori izan zen azken osoko bilkuran hartutako erabakirik garrantzitsuena, «batzuek gauzak zapuzten eta oztopatzen» saiatzen badira ere.
Hondakinen gaiaz gain, legealdirako plana izan zen udalbatzan eztabaida sortu zuen beste puntuetako bat. Plan horren helburua «adostasuna eta kontsentsua bilatzea» dela azaldu du, eta «herritarren, udal langileen eta ordezkari politikoen artean, datozen lau urte hauetan, gure herriaren alde zerbait egitea».
Oposizioko alderdiek bi gai horietan kontra bozkatu zutela eta «oztopoak» jartzen ari direla ere salatu dute bi alderdiok. «Uzten badigute herri kontsulta egingo dugu, ordiziarrek hala nahi dutelako, eta uzten badigute, kontsentsuak bilatuko ditugu, Ordiziaren mesedetan». Kontsulta hori atzeratzen edo «kontsultaren helburua desitxuratzen eta manipulatzen» hasten badira, «seguruenera herri mobilizaziora» jo beharko dela esan du alkateak.
Oposizioko alderdiak «posizio biktimistak» asmatzen ari direla gehitu du Santamariak, «bazterrak nahasteko» helburuarekin. «Bidegabe jokatuz errealitatea aldatzeko ahaleginak» egiten dituztenen aurrean, «epaia ordiziarrena» izango dela azaldu du.
Osoko bilkuraren inguruan
Pasa den astean EH Bilduk eta Ordizia Orainek egindako agerraldian esandakoei, puntuz puntu erantzun nahi izan diete EAJk eta PSE-EEk. Pleno hori atzeratzeko erabakia gainontzeko alderdiekin adostu zutela eta «memoria eskasa» izatea leporatu diete batetik.
Bestetik, Ordizia Orain alderdiko kide baten dimisioa dela eta, «jarduera instituzionala geratzera behartzen» dituztela diote, eta hori egin ezean, «autoritarioak» deitzen dietela. Jokaera hori «ez da batere itxurosoa, ezta serioa ere». Gainera, zinegotzi horren faltan gai bat onartzeak, hura egon izan balitz kontra bozkatuko lukeela esan nahi ote duen galdetu dute. Gainera, atzeratu zen puntuetako bat, Sasietako ordezkariena, oposizioko alderdien eskariz atzeratu zela azaldu dute. Hala, «errealitatea faltsutu» nahi izatea egotzi diete oposizioko alderdiei.
EH Bilduri berriz, apirilean beraiek ere alkatearen kalitatezko botoa erabili zutela gogorarazi diete, eta azken legealdian, «gehiengoa inolako konplexurik gabe» erabili izan dutela. Azkenik, osoko bilkurak grabatzearen inguruan, azken lau urteotan zenbat bilkura grabatu eta erakutsi dituzten galdetu diete. Gobernu taldeak plenoak grabatzeko asmoa baduela dio, baina «inprobisatu gabe» egingo dutela.













