Kilometro bertikalen gorenean
Duela bi aste irabazi zuen Idiazabal-Gorrotxategi taldeak Euskal Herriko kilometro bertikalen kopa. Bost lasterketaz osatuta dago kopa, eta erregularrenak izan dira.kilometro gutxitan desnibel handia igotzen dute; batzuetan korrika, eta beste batzuetan...
Duela bi aste irabazi zuen Idiazabal-Gorrotxategi taldeak Euskal Herriko kilometro bertikalen kopa. Bost lasterketaz osatuta dago kopa, eta erregularrenak izan dira.
kilometro gutxitan desnibel handia igotzen dute; batzuetan korrika, eta beste batzuetan ia lau hanketan. Horrelakoak izaten dira kilometro bertikala deituriko probak.Duela bi aste amaitu zen Euskal Herriko kilometro bertikaleko kopa, eta bertan lehen postua lortu du Idiazabal-Gorrotxategi kirol elkarteko taldeak. Kopa bost lasterketek osatzen dute, eta maiatzetik urrira bitartean egiten dira. Lehena, Larrun; bigarrena, Zegama-Aizkorri; hirugarrena, Uharte Arakil-Beriain; laugarrena Anboto eta azkenik, Araia-Aratz. Bost lasterketa horietan lortutako puntuak batuta Idiazabalgoak izan dira erregularrenak.
«Aurten ez nuen horrelakorik espero, inondik ere», azaltzen du Anartz Etxeberria korrikalariak. Izan ere, bere esanetan, aurtengoa kilometro bertikaletan ibili den urterik okerrena izan da. Hala ere, emaitzek ez dute hori esaten. Duela bi urte kopako garaile izan ziren, eta aurten, berriz ere txapelarekin itzuli dira.
Emakumeen garrantzia
Emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapenak banatuta doaz, ez da kontuan hartzen sailkapen orokorra. Gizonezkoen sailkapenean lehenengo postuetan daudenak jasotzen dituzte puntu gehien, eta emakumezkoen kasuan, berdin. Emakume bat taldean izateak garrantzia handia duela azaltzen du Etxeberriak.
Inma Aranburu da Idiazabalgo taldeko emakumezko bakarra, eta kontzientea da horren garrantziaz: «Taldeko emakumea ondo ibiltzen bada, puntu asko ematen dizkio taldeari». Taldekako txapelaz gain, aurten, Aranburuk lehenengo postua lortu du beteranoetan.
Kilometro bertikal anitzak
Horrelako lasterketak prestatzekoan kontuan izan behar dira lasterketa beraren ezaugarriak. Esaterako, Anbotoko bertikalak 3,8 kilometroan ia 1.100 metro igotzen ditu, eta Araia-Aratzekoak, aldiz, 4,2 kilometroan 800 metro inguru. Desberdintasun horiek markatuko dituzte entrenamenduak. Hala ere, entrenamenduek «misterio» handirik ez dutela dio Etxeberriak, barrez: «Txindokira joan eta igo, Aizkorrira joan eta igo, Usurbera joan eta igo». Aranburuk uste du hanketan indarra izatean dagoela gako nagusia, bai korrikarako, bai lau hanketan aldapak igotzeko.
Mendiko afizioa igotzen
Zaila da gaur egun mendira joan eta korrikalariren batekin ez topo egitea. Urtez urte, jarraitzaile gehiago biltzen dituen afizioa da, dudarik gabe. Etxeberriak azaltzen du lehen ez zeudela hainbeste bertikal, eta aurten, lehenengoz Uharte Arakil-Beriaingo, Zegama-Aizkorriko eta Anbotoko lasterketarako izen-emateak bete egin direla.
Mendian ibiltzearen afizioa gorakadan doa, eta Etxeberriak azaltzen du hori lehen mendian ibiltzea «txarra» zela uste zutelako dela. Hala esaten ziotela oroitzen du: «Belauna puskatuko duzu mendian barrena gora eta behera ibilita». Egun, ikusi da mendian korrika egitea ez dela batere txarra, lurrarekiko gorputzak duen «inpaktua» arinagoa baita.
Taldea indartzeko asmotan
Jende berri bila dabil Idiazabalgo taldea. Etxeberriak azaltzen duenez, taldean geroz eta kide gehiago izan, orduan eta hobe. Gainera, taldeko gazteenek 39 urte dituztela argitzen du, eta taldea indartzeko eta berritzeko beharra ikusten dute.
Bestalde, bi korrikalariei iruditzen zaie, sarritan, kilometro bertikala proba «esplosibotzat» jotzen dela, eta horrek nolabaiteko «beldurra» eta «errespetua» sortzen duela. Argi mintzo da horren inguruan Etxeberria: «Ez zaie beldurra izan behar, ez dira proba esplosiboak. Ezin duzu hasieratik dena eman; bestela, ez duzu gailurra ikusiko».
Korrika baino gehiago
Inma Aranburuk bukatu du bere aurtengo mendiko denboraldia. Orain, asfaltoari eta bizikletari ekingo dio. Txirrinduan igoeretan ondo ibiltzen dena bertikaletan ere hala ibiltzen dela nabarmentzen du. Etxeberriak, berriz, datorren asteko lasterketa batekin emango dio amaiera denboraldiari.
Ez dira hasiberriak lasterketetan. Aranburu duela bost urte inguru hasi zen bertikaletan parte hartzen, bere senarrak bultzatuta, eta ordutik oso gustura dabil. Etxeberriak, berriz, ia zortzi urte daramatza mendian buru-belarri. Aurrez, asfaltoan ibiltzen zen, baina lesio baten ondorioz, utzi egin behar izan zuen. «Lehen beti asfaltoan ibiltzen nintzen korrika, orain, berriz, mendian. Mendia gozagarria da».












