Araman gaur hasiko dituzte San Martin jai nagusiak, eta Ataunen bihar
Gaintzan eta Urretxun ere ospatuko dute azaroko festa-eguna. Aginaga auzoan, Zumarragan, auzoko jaiak dira, bihar eta asteburuan. Ataunen jubilatuen ospakizuna ere bihar duteSan Martinen udatxoa, benetako udaldia da aurten. Zerua urdin-urdin, eguzkia g...
Gaintzan eta Urretxun ere ospatuko dute azaroko festa-eguna. Aginaga auzoan, Zumarragan, auzoko jaiak dira, bihar eta asteburuan. Ataunen jubilatuen ospakizuna ere bihar dute
San Martinen udatxoa, benetako udaldia da aurten. Zerua urdin-urdin, eguzkia goxo eta tenperaturak 26 graduraino igota —herenegun Beasaingo Eztanda aforalekuan neurtu zen gorengo hori—. Giro horretan ospatuko dituzte sanmartinak Araman eta Ataungo izen bereko auzoan; urteko jai nagusiak dituzte. Beste zenbait tokitan ere bai: Zumarragako Aginagan, Urretxun eta Gaintzan, besteak beste.
Goiztiarrenak aramarrak izango dira, gaur. Ohitura duten modura, gaztaina erreak jango dituzte. Larunbata haurren eguna da, eta mozorrotzeko eskatu dute festen antolatzaileek.
Kirolari dagokionez, igandean dago aukera. Afizionatuen pilota partidan, adibidez, datorren urtean profesionaletan ariko den Erostarbe urretxuarra ariko da.
Gaintzan ere San Martin ospatuko dute, bihar. 12:00etan meza emango dute izen bereko baselizan, eta ondoren hamaiketakoa Kaletxiki jatetxean izango da.
Urretxun, Aterpe jubilatu elkartean pintxo dastaketa egingo dute, bihar 13:30ean, eta dantzaldia 17:00etan.
Urretxun ere, bihar 17:00etatik aurrera San Martin feria izango da: haur jolasak, Martintxo txerria, odolki pintxo dastaketa doan, Iparragirre Balerdi musika banda eta Lizarriturri txistulariak, eta urdaiazpiko zozketa.
Ataundarrak, bihartik
San Martin auzoan, bihartik igandera ospatuko dituzte festak, etenik gabe. Musika kontzertuak ostiralean eta larunbatean kokatu dituzte, bina talderekin. Bertsolarien jaialdia ere antolatu dute Festa Batzordeak eta herriko bertsozaleek. Doan da, ostiral gauean, plazako karpan. Gero kontzertua dago.
Aginagan, txupina bihar 10:30ean jaurtiko dute. 11:00etako mezaren ondoren, jubilatuek hamaiketakoa eta 14:30ean bazkaria dute. Gauean, 21:30ean, herri afaria dago, trikitilariekin. Zapatu-jaian segiko dute festek.













