Basogintza eredu berrirantz
Legazpiko hainbat basotan Tantai kooperatiba garatzen ari den estaldura jarraituko basogintza sistemaren emaitzak neurtzeko monitorizazio lanak egiten ari dira, Europa mailako proiektu baten barruan. Udaberrian markatu zuten lursaila, eta AFI deituriko sarearen barruan sartuta geratu da.
Tantaiko kide bat, Legazpiko basoa markatzen.Mikel Bravo Tantai baso jabe kooperatibak urte gutxi batzuk daramatza Legazpiko hainbat lursailetan lanean. Estaldura jarraituko basogintzaren bidez ustiatzen dituzte lursail horiek, eta orain, Europako SMURF izeneko basogintza proiektuan txertatuta, eta AFI baso sarean sartuta, monitorizatu egingo dituzte lanaren emaitzak. Legazpikoa Gipuzkoako lehen AFI basoa da, eta bertan jasotako datuak baliagarriak izango dira basogintza eredu horren balioa erakusteko.
Arrasaten egoitza duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Tantai, eta langilez, baso jabez eta laguntzailez osatuta dago. Tantaik, langileen bitartez, aholkularitza zerbitzua ematen die estaldura jarraituko basogintzarekin bat egiten duten baso jabeei, baita lan egin ere basoetan.
Basogintza eredu horrek helburu argi bat du, eta horrela zehaztu du Tantaiko Markel Arriolabengoa baso ingeniariak: «Bertako ekosistemak berreskuratzea, eta ekoizpen eredu jasangarria aplikatzea ekosistema horietan». Helburu horri jarraiki, hainbat ekintza egin dituzte Legazpiko harizti desberdinetan, baina lan esparrua Euskal Herri osora dute zabalduta.
Legazpiko lanak
Legazpiko ekintzak Europa mailako SMURF proiektuaren barruan kokatzen dira. Lau urteko iraupenarekin, baso txikien kudeaketarako estrategiak lantzea du helburu. Tantai bezala, Europa osoko beste elkarte eta kooperatiba batzuk ere batu dira proiektu horretara, esperientziak elkarbanatzeko, eta elkarrekin lan batzuk egiteko».
SMURF proiektuan sartuta, Arrasateko kooperatiba Frantziako AFI (Association Futaie Irreguliere) Baso Irregularren Elkartean ere sartu da, Europa osoan baso sare bat duena. Duela 35 urtetik, baso horietako ekologia, ekoizpen eta ekonomia datuak ari da jasotzen AFI elkartea, egiten duten ekintza bakoitzaren ostean basoak nola erreakzionatzen duen ikusteko eta neurtzeko.
AFIren baso sare horren barruan sartu da udaberri honetan Legazpikoa ere. Arriolabengoak azaldu duenez, «estaldura jarraituko basogintzaren helburua ekoizpena bermatzea da, baina baita ekosistema hobetzea ere, eta orain neurtuko dugu ondo egiten ari garen ala ez».
Estaldura jarraituko basogintza azken lau hamarkadetan Europako herrialde askotan indar handiarekin garatu den eredua da, nagusiki Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian, Belgikan eta Suitzan. «Mozketak egiteko moduan bereizten da», hau da, «basoak guztiz soildu beharrean, zuhaitzen bakanketa puntualak egiten dira, hamar urtean behin sartu eta zuhaitz gutxi batzuk eramanda. Horretarako beharrezkoa da balio oso handiko zuhaitzekin lan egitea, bestela ez delako errentagarria. Eta garrantzitsua da, baita ere, espezie autoktonoekin lan egitea, bertako egoerara eta ekosistemara egokitzeko baliabide gehiago dituztelako».
Jabeak, pozik emaitzekin
Legazpiren kasuan, haritz kandugabearekin ari da lanean Tantai, hainbat basotan. Bertan, «ekintza oso leunak egin ditugu, ekosistema hobetuz, kalitatezko egurra ateraz eta errendimendu ekonomikoa lortuz».
Lehenengo bakanketa 2024an egin zuten bi basotan, eta ia bi urte igaro direnean, «balorazioa oso ona da», Arriolabengoak esan duenez. «Ikusten dugu zuhaitzek nola erantzuten duten, ondokoak kenduta geratzen zaien lekuarekin». Izan ere, zuhaitzek ez dute ondo erantzuten estres maila altua dutenean, eta leku gehiago edukita, hobe da, «hauek, geratu direnek, oso ondo erantzun dute behintzat, eta basoa asko hobetu da».
Jabeak ere pozik geratu dira, «pentsatzen zuten botatako egurrak ez zuela ezertarako balio, baina ikusi dute baietz». Izan ere, haritz kandugabea da Europa mailan balio handienetakoa duen espeziea, «bereziki ona da». Eta errentagarria da, «egindako gastuak eta lortutako etekinak ere neurtzen ditugu, eta hori ere AFI monitorizaziorako erabiliko da». Alde horretatik, azken urteetan sareko beste basoetan lortutako emaitzak oso altuak izan direla zehaztu du Tantaiko kideak.
Haritzen alde
Horregatik, baso jabeak animatu egiten ditu haritzak landatzera, «baina kontuan izanda epe luzera emango dutela errendimendua. Hala ere, azken aldian gehien landatzen ari diren pinuak sekuoia eta cryptomeria dira, eta ez dakigu noiz moztu ahal izango diren, 50 urtera, 70 urtera edo 80 urtera, oraindik ez dagoelako nahiko esperientzia. Orduan, epe motzeko etekinaren amets hori aldatzen ari da, eta zentzu honetan, haritza hasieran polikiago hazten bada ere, ikusten ari gara 70 urteko hariztiak oso errendimendu onak ematen ari direla. Kontuan hartzekoa da, beraz».
Haritzaren aldeko balantza horretan pinuen gaixotasunak ere aipatu ditu Arriolabengoak, «zaurgarriagoak direlako». Haritzarena «apustu egonkorragoa eta sendoagoa da, beti ere kontuan izanda basogintzan segurua ez dela ezer».

Bost urte beharko dira emaitzak objektiboki neurtzeko
Tantai Kooperatibako langileek duela aste batzuk markatu zuten partzela bat Legazpin, bertan haritz kandugabearekin egiten ari diren estaldura jarraituko basogintza lana monitorizatzeko. Italiatik, Florentziako unibertsitateko aditu batzuk etorri ziren propio, hemengo teknikariei metodologia zehatza erakustera.
Legazpiko AFI basoan hamar partzela markatu dituzte GPS bidez, eta horietako bakoitzean, gutxi gora behera 20 metroko erradioan dauden zuhaitz guztiei neurtzen zaie diametroa eta altuera, eta kalkulatzen zaie balio ekologikoa eta ekonomikoa. Ekosistemaren beste adierazle batzuk ere neurtzen dira, espezie aberastasuna bezala. «Erreferentzia horiek hartuta, mozketa bat egiten den bakoitzean berriro egiten dira neurketak, ikusteko eremu hori hobetu den, eta helburua lortu den ala ez». Kasu honetan, bost urtera egingo dira hurrengo mozketak, eta orduan errepikatuko dituzte neurketa berdinak.
Orduan ikusiko da, objektiboki, estaldura jarraituko basogintzak zer nolako emaitzak dituen.













