Atxurbide elkartearen festa
Atxurbide elkarteak asteburu honetan egingo ditu 50. urteurrena ospatzeko ekintza nagusiak. Pilota eta herri kirol saioa antolatu dituzte, garai bateko Atxurbide elkartearen festari keinu egiteko.
Eugenio Urteaga, Bruno Mintegi, Antonio Iparragirre, Joxe Mari Imaz, Bernardo Etxaluze eta Joakin Mendia 80. hamarkadan, Atxurbide elkartearen festan.Atxurbide elkartea Trantsizio betean eta garai politiko ezegonkor baten erdian ireki zituen ateak Atxurbide elkarteak 1976ko urtarrilean. Mende erdia igaro da ordutik eta denboraren joanak elkartearen martxan eraginik izan badu ere, urrezko ezteiak goitik ospatzen ari dira elkarteko bazkideak; batzuk hasieratik elkartean daudenak; besteak beranduago batuz joan direnak. San Blas jaietako pregoiarekin hasi ziren urteurrena ospatzen. Maiatzean, Florentino Goiburu bertso paper lehiaketako sari banaketaren aitzakian, bertso afaria egin zuten Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzerekin eta asteburu honetan, pilota txapelketa batekin eta herri kirol erakustaldiarekin amaituko dituzte, momentuz, ospakizunak.
22 bazkide sortzailerekin hasi zuen ibilia Atxurbide elkarteak. Juan Mari Iparragirre ez zegoen hasierako talde hartan baina segituan batu zen: «Sortzaileen hurrengoa ni izan nintzen, lehenengoa», kontatu du. Atxurbide elkartea dagoen Zepai kaleko etxeak egiten hasi zirenean, hartu zen baxuetako batean elkartea egiteko erabakia, «etxeetan jendea bizitzen jarri aurretik ireki zen elkartea», dio Iparragirrek. Lokala erosi zuten baina guztien ahalmen ekonomikoa ez zen berdina, eta bakoitzak «ahal zuena» jarri zuen hasieran. Gero, bonu sistema bat jarri zuten «elkartearen etekinetatik gutxika jarritakoa itzuli ahal izateko».
‘Millonarioen’ elkartea
Idiazabalgo mendi ezagunena Atxurbi mendia da. Elkartearen pareko bidetik gora iristen da bertara, eta hortik datorkio izena, Atxurbi bidean esamoldea laburtuta, Asier Oiarbide Atxurbide elkarteko zuzendaritza taldeko kideak esan duenez. Atxurbide sortu arte, ehiztarien Otsoa zen ordura arte herrian zegoen elkarte bakarra. Gerora bost izatera ere iritsi ziren: Arretxe, Elizalde eta orain urte batzuk itxi zen Axarirekin batera. Atxurbiden 60 bat bazkide izatera iritsi ziren, hor jarrita dute muga. Gaur egun, 39 dira eta beste zazpi, ohorezko bazkideak; Iparragirre bera da horietako bat.
Hasierako bazkideen artean herriko pertsona «garrantzitsu asko» zegoen, medikuak, enpresariak, apaiza… eta horregatik, «millonarioen elkartea» bezala ezagutzen zela kontatu du Iparragirrek. Hasieran, elkarte gastronomiko hutsa izan bazen ere, ireki eta berehala administrazioak «misio» bat izatera behartu zituen elkarte guztiak eta Atxurbidek pilotaren aldeko hautua egin zuen, Atxurbide pilotazale elkartea izatera pasatuz.
Pilotaren loraldia
80. hamarkadan izan zuen pilotak loraldi handiena Idiazabalen Oiarbideren hitzetan, «1981ean egin zen pilotaleku berria eta ondorengo 10 urtetan izan zen puri-purian», azaldu du. Elkarteak diruz laguntzen zituen garaiko pilotariak, esku pilotan eta palan aritzen zirenak, «Egialde anaiak, Jon Agirre erremontistak eta aurretik baita Aseginolaza anaiak ere», zerrendatu dituzte.
Pilotari egin zion ekarpenaz gain, herriko jai giroan ere pisu handia izan zuen Atxurbidek. Elkartearentzat dirua lortzeko helburuarekin Atxurbide elkarteko festa egin zuten urte batzuetan, «kroketak, patata tortillak… jartzen genituen salgai elkarte kanpoan. Goxokiak ere bai, oraindik gogoan dut Beasaindik furgoneta bete goxoki ekartzen nuela», dio Iparragirrek. Festan herri kirol saioak, zinta karrerak, musika eta haurrentzako jolasak ez ziren falta izaten.
Garaiak aldatu dira eta izango dira 43 bat urte Atxurbideko festarik egiten ez dela, baina 50. urteurrenean keinu bat egingo diote urrezko garai haiei. Hala, ostiralean pala partidua izango da Igarondon, 19:00etan, Unanue (Arama) eta Etxeberria (Itsasondo), Ormazabal (Zegama) eta Munoaren (Idiazabal) aurka arituko dira. Larunbatean berriz, elkartearen festaren baitan, herri kirol saioa izango da Zepai kalean, elkartearen parean, 18:30ean. Gari Garmendia eta Xabier Aranburu Guzta arituko dira harri jasotzen eta Aitor Urteaga eta Xabier Dorronsoro zeraindarra aizkoran. Amaitzeko, trontzan, txingan, oskol biltzen eta korrikan erakustaldia egingo dute Idiazabal herri kirol taldeko kideek.












