Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketako eskuzko finalak jokatu dituzte Zumarragan
Ekhi Irribarria aramarrak ezin izan du buruz buruzkoa irabazi Gaizka Carregal bizkaitarraren aurka.
Euskadiko Pilota Federakuntzak eta Ampo enpresak Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketa antolatu dute, eta gaur goizean eskuzko modalitateko finalak jokatu dira, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Buruz burukoan, Ekhi Irribarria aramarrak Gaizka Carregal bizkaitarraren aurka jokatu du, baina goierritarrak ezin izan du garaipena eskuratu. Hamarrera jokatutako neurketan, lehen norgehiagoka ondo hasi du Irribarriak; hala ere, bigarren zatian Carregalek buelta eman dio markagailuari eta 8-10 nagusitu da. Bigarren partidan ere bizkaitarra gehiago izan da, eta 3-10eko emaitzarekin itxi du lehia.













