"Nire ideiak azaleratzeko modua izan da"
Adimen Artifiziala erabiliz bere ideia jarioari bide ematen dio Koldo Huicik (Beasain, 1989). Asko zabaldu da sare sozialetan Loinatz jaietarako egin duen bideoa.
Koldo Huici sortzailea.Josep Selgar Bolo-bolo ibili da sare sozialetan Koldo Huicik (Beasain, 1989) sortutako eta Loinatz jaien aurreko egunetan argitaratutako bideoa: Mariren jaitsiera, danborrada, palari eta pilotariak, xake jokalariak, soinu eta muntatze teknikariak, buruhandiak, Añejoko barraka, elektrotxaranga eta txarangak, txoznak, dronak, zanpantzarrak, Loinazko San Martin basilikako erromeria… Beasaingo festetan falta ezin diren elementuak bildu ditu minutu eta 20 segundoko animaziozko lanean. Adimen Artifiziala erabiltzen du, eta tresna horrek bere ideia jarioari bide ematen diola azaldu du. IA para creativos masterrean irakasle ere bada.
Noiz hasi zinen Adimen Artifiziala erabiltzen?
Adimen Artifiziala atera zen garaian, 2018an esango nuke, enbrionarioa zen. Kuriositatea neukan zeren zarata asko zegoen: berritzailea izango zela, mundua aldatuko zuela… ez nuen bistatik kendu. Nik nire lana daukat baina gertutik jarraitu nuen eboluzioa. Gertatzen dena da oso azkarra izan dela Adimen Artifizialaren eboluzioa, hilabete gutxitan izugarrizko eboluzioa eduki du. Eta esan nuen: goazen barruan dauzkadan ideiak ateratzen saiatzera. Nire ideiak azaleratzeko modua izan da.
Audiobisualaren munduan, irudiak eta bideoak sortzen hasi nintzen eta eguneroko gauza bat izan da. 3 urte daramatzat egunero-egunero horrekin, eta gaur egun lan bat bezala daukat, betiko lanarekin uztartzen dut baina lan serio bat da, eta tirada asko daukan lan bat. Are eta zuzenago, orain urte eta erdi autonomo egin nintzen eskaera handia zegoelako, eta proiektu hauek profesionalizatu egin zaizkit. Esan nuen: goazen honetan sartzera. Eta gaur egun lan faltarik ez daukat. Dena horren azkar doa, lana ematen duela eguneratuta egoteak Adimen Artifizialean, eta lana ematen du proiektu profesional hauek aurrera eramateak.
Zure ogibidea da?
Nik enpresa ikasketak egin nituen, eta familia lan batean lan egiten daramatzat 15-16 urte. Baina gaztetatik nire muntatze txikiak egiten egon naiz, barruan neuzkan ideiak azaleratu nahian. Momentuan zeuden erremintekin lan egiten nuen, ez naiz urrunduta egon sorkuntza mundu honetatik. Azkenean ideia asko dauzkat eta Adimen Artifizialaren gaiarekin konturatu nintzen azkar azaleratu nitzakeela nire ideiak, eta zeinen azkar ikusten ditudan pantaila baten aurrean. Hori izan zen katalizatzailea esateko: goazen jarraitzera honekin eta ea noraino eramaten gaituen.
Eta zortea eduki dut, ze prozesu honetan enpresa asko interesatu dira eta esan diate ‘probatu ezazu gure erreminta eta jarraitu sortzen eta zure ideiak azaleratzen’. Eta enpresa bat, beste bat, beste bat… horrek eman dit bidea sortzen jarraitzeko. Gaur egun erremintek badaukate kostu bat, eta horretan lana egiteak ere kostu bat dauka, baina hasierako momentuan ez zuen kosturik suposatzen, eta jarraitu egin nuen.
“Esan nuen proiektu pertsonal bat izango zela eta beasaindarra izanda zerbait egin behar nuela, eta oso-oso pozik nago emaitzarekin eta jasotako harrerarekin”
DesvarIA izeneko podcasta daukazu Joss Lopezekin. Zein da helburua?
Malagan Adimen Artifizialaren inguruko konferentzia batean ezagutu genuen elkar Joss Lopezek eta biok. Lankideak eta lagunak egin ginen. Eta berak proposatu zidan podcast moduko bat egitea. Bazegoen hutsune bat ze guk ja ia hizkuntza ezberdin bat hitz egiten dugu [Adimen Artifizialeko jargoia], kuadrillakoekin agian ezin duzuna hitz egin, eta azkenean funtzioa izan zen lagunarteko momentu bat sortzea. Kapitulu bakoitzean norbait etorriko da bere esperientzia kontatzera. 22 kapitulu daramatzagu, bi astean behin egiten dugu eta elkartzen gara hitz egitera, Adimen Artifizialaren inguruan pibotatzen, noski. Ez dira txarla teknikoak. Batez ere audiobisual arloko jendea etortzen da; asmoa da azaleratzea audiobisualean nola era batean edo bestean bizitza aldatu duen Adimen Artifizialak, eta esperientziak kontatzen dira. Helburua da mundu horretako pertsonei ahotsa ematea momentu konkretu batean, lagunarteko giro batean eta ikusaraztea makina baten atzean pertsonak daudela. Hori eta ondo pasatzea.
Beasaingo festetako bideoa asko zabaldu da. Nola sortu zitzaizun ideia?
Ez neukan inoiz horrelako gauzarik eginda. Egia da Realak [Espainiako Kopako] finala jokatu aurretik bideo bat egin nuela eta dezente biralizatu zela. Orduan esan nuen: zergatik ez dut Beasaingo festetako zerbait egiten beasaindarra izanda? Eta ideia horrekin sortu zen dena.
Ez zen enkargu bat, zure ekimenez sortu zenuen.
Beti kanporako lana egiten, bezeroentzat, film laburrak sortzen edo publizitaterako lanak egiten… Eta familiak esan zidan ondo egongo zela herriarentzat zerbait egitea. Ez zen betebehar bat. Esan nuen proiektu pertsonal bat izango zela eta beasaindarra izanda zerbait egin behar nuela, eta oso-oso pozik nago emaitzarekin eta jasotako harrerarekin.
Zenbat denbora behar duzu horrelako lan bat sortzeko?
5 ordu bideo honekin konkretuki. Batzuek pentsatzen dute botoi bat sakatzea dela eta egia esan ez da horrela. 5 ordu horien atzetik dauden orduak, egunak, hilabeteak eta urteak kontuan edukita, noski.
Zein izan da jasotako feedback-a?
Feedback oso-oso positiboa jaso dut egun hauetan guztietan. Jakinda AArekin egindako gauza bat biralizatzen denean beti dagoela arriskua hater edo kontrako pentsamenduak dauzkaten pertsonengandik komentarioak jasotzea. Eta egia esan ez dut horrelakorik izan.

Hasierako urratsak
Ondoko irudia da Koldo Huicik Adimen Artifizialarekin sortutako lehenengotarikoa, eta hori erabiltzen du bere sare sozialetan. Koldo2.com webgunean edota @koldo2k89 Instagram kontuan ikusi daitezke bere lanak. Ideiak azaleratzeko modu bat bezala hasi zena “gauza serio bat” izan zitekeela konturatu zen: “Eta horregatik irudi hori beti mantentzen dut, gogoratzeko zeintzuk izan ziren nire lehen pausoak”.













