Zaindu dituen ikastetxeetako ikasleen agur beroa jaso duen atezaina
Erretiroa hartuko du bihar Jose Mari Madinak. Udal langileak atezain eta mantentze lanak egin ditu urteetan zehar Haztegi ikastolan, Olamendin eta Doinua musika eskolan. Agur hunkigarriak egin dizkiote ikasleek.
Lan ibilbideari amaiera goxoa eman dio Jose Mari Madinak (Legazpi, 1961) ). Udal langile honek atezain eta mantentze lanak egin ditu herriko ikastetxeetan eta musika eskolan, eta erretiroa hartzeko ordua iritsita, agur beroa jaso zuen laneko azken egunean ikasleen aldetik, ikastetxeetan korridoreak egin eta erditik igaro arazi ziotenean: «Lotsatuta geratu nintzen, zer esan ez nekiela, ume guztiak han ikusita!», gogoratu du egun batzuetara. Gaur, ekainak 5, betetzen ditu Madinak 65 urte, eta bihar jubilatuko da ofizialki. Lan egiteari maiatzaren 13an utzi zion, eta ordutik, oporretan egon da.
Lanpostu horretan 1989an hasi zen, eta 37 urte egin ditu bertan. Aurretik, soldaduskatik iritsi eta mendian ibili zen, «pinuak botatzen», eta gero Irizar eta Bellota lantegietan. «Irizarren ia lau urte eginda nituenean, 1988ko krisia hasi zen, eta etxera bidali ninduten, ni eta beste batzuk». Orduan, Bellotan aurkitu zuen lana, eta han zebilela, udaleko lanpostua sortu zela jakin zuen. Aurkeztu egin zen, eta plaza atera zuen.
Haztegin hasi, eta beste eskoletan gero
Haztegi ikastolako atezain plaza zen, baina handik urte batzuetara barne sustapen prozesu baten bidez, mantentze lanetarako ofizial lanpostua eskuratu zuen. «Handik aurrera, herriko ia eskola guztietako ardurak hartzen joan nintzen: lehengo Domingo Agirre ikastetxearena [gaur Olamendi] orduko atezaina zen Pedro Iriarte jubilatu zenean, gero San Juaneko haur eskolarena, Doinua musika eskolarena, Laubideko eskolarena…».
«Telefonoa beti eskutan neukan, eta handik edo hemendik deitzen zidaten nire beharra zutenean. Lana gustukoa nuen, leku askotan ibiltzen nintzelako, eta lan desberdinak egiten nituelako»
Jose Mari Madina. Udal langile izana
Mantentze lanak, margotzeak, konponketak, berogailuaren kontrola… horiek izan dira urte hauetan guztietan egitekoak eta egindakoak. «Telefonoa beti eskutan neukan, eta handik edo hemendik deitzen zidaten nire beharra zutenean. Lana gustukoa nuen, leku askotan ibiltzen nintzelako, eta lan desberdinak egiten nituelako». Bakarrik egiten zuen lan gehienetan, eta behar izaten zuenean, obra brigadetako laguntza izaten zuen. Bera ere ibiltzen zen brigadakoei laguntzen behar izaten zenean, batez ere festa garaietan.
Bakarrik egiten zuen lan, baina ez zen bakarrik egoten, beti zuelako norbait eskoletan hitz egiteko. «Oso tratu ona eman didate, kafera ere gonbidatzen ninduten!».
Gustura lanean, eta gustura erretiroarekin
Udal langile izanda, zazpi alkateren agintaldiak ezagutu ditu, eta lankide asko izan ditu. «Guztiekin konpondu naiz ondo, jende jatorra izan dut inguruan».
Gustura ibili da lanean Madina, baina gustura jubilatu da. «Jende asko ezagutu dut, harreman ona izan dut guztiekin, eta oroitzapen politekin joan naiz». Ume asko ezagutu dituela ere esan du, eta kalean askok agurtzen dutenean pozik geratzen dela dio.
Orain baratzari eskainiko dio denbora, mendira ere joango da, motoan ibili ere bai… «Jendeak esaten du jubilatutakoan denbora faltan ziaten dela, ikusiko dugu!».













