ELKARRIZKETA. «Disfrutatzea eta 2024ko antzeko marka egitea lortu nahi nuke»
2024an Zegama-Aizkorrin debuta egin eta hatz puntekin podiuma ukitzear egon zen Lide Urrestarazu (Ordizia, 1999). Iaz ezin izan zuen parte hartu, baina aurten ezin izan dio hitzorduari uko egin. Aizkorriko magalera itzultzeko «gogotsu» dago.
Lide Urrestarazu, 2024an, Zegama-Aizkorrin. Hitza Zer esan nahi du lasterketa honek zuretzat?
Goierrin bertan jokatzen den nazioarteko lasterketa izanik, aukera berezia da niretzat, mundu mailako korrikalariekin lehiatzeko parada ematen didalako. Gainera, goierritarra naizenez, txikitatik bizi izan dudan proba da. Nire osabak –Koldo Urrestarazu Garmendiak– edizio guztietan parte hartu izan du, eta beti joan izan gara ikustera. Lasterketa kuttuna da niretzat.
Zer moduz zara Zegamarako?
Gogotsu nago. Denboraldi honetan gutxi lehiatu naiz, eta indartsu sentitzen naiz berriro gorputza estutzeko. Berakoa izan da nire lehen lasterketa aurten –irabazi egin zuen–; gero Frantzian izan nintzen, eta orain Zegama etorriko da.
Aizkorrin entrenatzen ari al zara?
Aralarren, Aizkorrin… Egia da azkenaldian Aizkorrira pixka bat gehiago joan naizela, baina normalean entrenamenduak tokiz aldatzea gustatzen zait. Momentuko gogoek ere dezente baldintzatzen dute entrenatzeko hautatzen dudan tokia.
Bosgarren postua lortu zenuen orain bi urte.
Benetan berezia izan zen. Mundu mailako hainbeste korrikalari profesionalen artean bosgarren postua lortzea ez nuen batere espero. Etxean aritzeak ere asko lagundu zuen: lagunak eta familia alboan nituen, eta giroa paregabea izan zen. Ilusio berezia egin zidan podiuma horren gertu ikusteak, eta gozatu ederra hartu nuen.
«Denboraldi honetan gutxi lehiatu naiz, eta indartsu sentitzen naiz berriro gorputza estutzeko»
Zeintzuk dira aurtengo zure helburuak?
Urte hartan bezala disfrutatzea lortuko banu, ederki gustura bueltatuko nintzateke Zegamatik Ordiziara. Denbora aldetik ere, antzeko marken artean egotea gustatuko litzaidake. –4:37:20 izan zen 2024an denbora–.
Maila handiko korrikalariak izango dira aurten ere. Nola ikusten duzu podiuma?
Zegaman mundu mailako onenak elkartzen dira, eta horrek oso zaila egiten du podiuma lortzea. Oraingoz, nire burua ez dut hor ikusten. Iazko lasterketa ikusita, Sara Alonso aurretik ibiliko dela imajinatzen dut aurtengoan ere. Tove Alexanderson ere badator espektakulu ederra eskaintzeko aukera guztiak dituena, eta bera ere aurreneko postu inguru horretan ibiliko dela aurreikusten dut.
Aurten ere Koldo osaba izango duzu alboan. Lagungarria al da hori?
Bai, oso berezia da. Txikitatik bera animatzera joan ondoren, orain lasterketa bera biok batera partekatzeko aukera izatea polita da. Gainera, berak edizio guztietan parte hartu du, eta hori ez da edonork esateko modukoa; gutxi geratzen dira horrelakoak.
«Ibilbidea bereziki ezagutzeak laguntzen du, baina neurri batean»
Etxekoen, lagunen eta ingurukoen babesa izango duzue igandean. Ibilbidea ezagutzeak laguntzen al du?
Ibilbidea ezagutzeak eta bertan entrenatzeko aukera izateak laguntzen duela uste dut, baina neurri batean. Gehiegi pentsatzen baduzu ibilbideaz edo lasterketaz, nekatu ere egin zaitezke. Beraz, onura izango du, baina bere mugarekin.
Zeintzuk dira ibilbidearen zatirik gustukoena eta gogorrena?
Gehien gustatzen zaidan zatia Aratzera igo aurreko basoa da; oso paraje ederra da, bai korrika egiteko, bai entrenatzeko. Gogorrena, berriz, Urbiako buelta dela esango nuke: ordurako kilometro asko pilatuta izaten ditugu, eta zatia azkarra denez, asko sufritzen da.
Zegamaren ondoren, zer?
Ziurrenik uda zatia lasaiago hartuko dut. Irailetik aurrera helduko diot berriro denboraldiaren bigarren zatiari, baina oraindik ez daukat zehaztuta zer egingo dudan. Irekita nago aukera guztietara.












