Ana Isabel Sastre ile apaintzailearen agurra
Legazpiko emakume adinduen itxura modernizatu zuen Gizarte Zentrora duela ia 19 urte iritsi zenean, eta orain jubilatzera doa. Bihar du azken lan eguna. Pelukeriarekin Iosune Cubillok jarraituko du.
Urte askotan Legazpiko Gizarte Zentroan emakumezko jubilatu eta pentsiodunak orraztu eta apaindu eta gero, Ana Isabel Sastre ile apaintzaileari ere iritsi zaio lanetik erretiratzeko ordua. Lazkaon bizi den legazpiarra jubilatzera doa, eta biharkoa izango du azken lan eguna.
Duela ia 19 urte hasi zen. Ile apainketa akademia batean egiten zuen lan, eskolak ematen, eta hura itxi zutenean, Legazpiko Gizarte Zentroko ile apaindegiaren berri izan, eta zerbitzuaren kargu hartzea erabaki zuen. Bi urtez itxita zeraman pelukeriak, eta hutsetik hasi zela gogoratzen du, «baina jendea pixkanaka etortzen hasi zen, eta laster lortu nituen bezero fidelak».
Horretan zerikusi handia izan zuen bere proposamenak, Ana Isabel Sastreren eskuetatik igarotzen ziren emakumeak irudi moderno eta freskoarekin ateratzen zirelako ile apaindegitik, batzuetan kolore ausartekin gainera. «Orduan pentsatzen zen adin batetik aurrera emakumeek garai bateko amona zaharren itxura eraman behar zutela, ile motz eta zuri edo grisarekin». Baina berak gauzak aldatu zituen, eta edozein ile apaindegitan bezalako produktu onak zituela eta ile apaintzaile gisa esperientzia handia zuela baliatuta, ilearen luzera eta forma aldatzen hasi zen, koloretako metxak egiten, tinteak ematen, orrazkerak modernizatzen… «baina beti bezeroen baimenarekin; nik proposatu egiten nien aldaketa edo orrazkera bat edo bestea, eta baiezkoa ematen zidatenean bakarrik egiten nien». Adinak eta mentalitateak askotan ez direla bat etortzen dio, eta urteak izan arren, itxura gazteagoa lortzea badagoela, orrazkeraren bidez.
Gizarte Zentroko ile apaintzailearen proposamen horiek onarpen handia izan zuten eta geroz eta bezero gehiago zituela ikusita, laguntzaile bat kontratatu behar izan zuen, Loli, eta gero Iosune. Urte askoan egin dute lan elkarrekin.
Bezeroak eta lagunak
Urte luzeko ibilbidea izan da, eta emakume asko eta asko izan ditu bezero. Jubilazioaren atarian, bezero horien eta legazpiar guztien abegia eramango du oroitzapen nagusi, «oso gustura egon naiz, maitatua sentitu naiz, poz handia eman didate guztien artean, eta ni pertsona hobea izaten lagundu didate. Zirraragarria izan da Legazpiko ile apaindegi honetan lan egitea». Bezero bakarrik ez dira izan emakume horiek, lagunak ere bai asko. Ez duela bat ere ahaztuko agindu du.
Eta orain, atseden hartzeko baliatuko du, «egutegiak, agendak, eskariak, antolaketa… ahaztu egin nahi ditut orain. Gero ikusiko dugu zer datorren».
Iosune Cubillo aurrerantzean
Ana Isabel Sastre lan ondo egin izanaren satisfazioarekin doa Legazpiko Gizarte Zentrotik, baita lasaitasunarekin ere, ile apaindegiak martxan jarraituko duelako, bere langile Iosune Cubilloren eskutik. Ile apaindegi honen ardura udalarena da, eta zerbitzua kontrataziora aterata, Cubillok lortu du esleipena.
«Ilusio handiarekin» helduko dio lan horri, datorren astetik aurrera, eta bezeroei hasteko gogoz dagoela esan nahi die. Aldi berean gogoratu nahi du zerbitzu hau emakume jubilatu eta pentsiodun guztientzat dela, eta txanda hartzea gomendagarria dela. Horretarako 633 262 599 telefono zenbakira deitu daiteke.














