Libre Asteburua egingo dute Seguran auzipetuei babesa adierazteko
Azaroaren 23an hastekoa zen epaiketa, baina azkenean, abenduaren 3an hasiko da. Auzipetuak epaiketaren aurka azaldu dira, eta «aldaketa» baten beharra nabarmendu duteAzaroaren 23an hastekoa zen 04/08 sumarioa edo EHAK (Euskal Herrialdeetako Alderdi K...
Azaroaren 23an hastekoa zen epaiketa, baina azkenean, abenduaren 3an hasiko da. Auzipetuak epaiketaren aurka azaldu dira, eta «aldaketa» baten beharra nabarmendu dute
Azaroaren 23an hastekoa zen 04/08 sumarioa edo EHAK (Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista) eta ANVren (Eusko Abertzale Ekintza) aurkako epaiketa, baina azken orduko aldaketa izan da: abenduaren 3an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guztira 35 auzipetu daude, eta horietatik bost goierritarrak dira: Eusebio Lasa, Asier Imaz, Peio Galvez, Egoitz Apaolaza eta Karmele Aierbe.«Babesa eta elkartasuna» adierazteko Libre Asteburua antolatu du Goierri Libre ekimenak Seguran, larunbatean. 12:00ak aldera hasiko dute eguna zapi pintaketarekin. Auzipetuekin ekitaldi nagusia ondoren egingo dute, 13:00etan. Ekitaldia amaitu eta gero, bertso eta kantuekin bazkari girotua egingo dute plazan. Tiketak salgai jarri dituzte, eta ohiko taberna eta saltokietan eskuragai egongo dira. Arratsaldeko 17:30ean eskualdeko elkarteen arteko jarduerak egingo dituzte.
Garai berrien bila
2005etik 2007ra bitartean egindako lan politikoagatik ETAko kide izatea egozten diete auziperatuei. Beraiek, ordea, «konponbidearen alde lan egiteagatik» epaituko dituztela salatu dute.
Urtarrilean egindako agerraldi batean salbuespenezko politika guztiekin amaitzeko premia zegoela ere nabarmendu zuten goierritarrek. Epaiketa politiko berri baten aurrean zeudela salatu zuten, «ilegalizazioaren garairik gordinenean, milaka herritarrekin batera, konponbidearen alde borrokatu ginelako epaituko gaituzte», adierazi zuten orduan. Astelehenean egindako agerraldian ildo beretik jarraitu zuen helarazi nahi zuten mezuak: «Abenduaren 3an egingo duten epaiketa salatu nahi dugu». Izan ere, Euskal Herrian azken hamarkadan gauzak «errotik» aldatu direla azaldu zuten; ez, ordea, Espainiar estatuaren errepresioa eta ukazioa. Aldaketa baten beharra dagoela sinesten dute, eta horretarako ondokoarekin batera «indarrak bildu» behar direla.
Ia lau urte dira ETAk borroka armatua utzi zuenetik. Hala ere, Madrilek 2011tik hona etorkizunari ate guztiak itxi nahi izan dizkiola nabarmendu zuten, eta ez dutela inolako jarrera eraikitzailearen zantzurik ikusi azken lau urteotan. Alderantziz, epaiketa politikoen kateak ez duela amaierarik iruditzen zaie.
Epaiketaren zain
2007ko urrian Seguran egindako operazioan ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituzten (Egoitz Apaolaza zeraindarra ere orduan atxilotu zuten), eta hamar egun beranduago atzeman zuten Asier Imaz Beasainen. Otsailean izan ziren hurrengo atxiloketak, tartean, Karmele Aierbe ataundarra, Eusebio Lasa beasaindarra eta Peio Galvez urretxuarra. Horiekin batera, beste hamaika pertsona ere atxilotu zituzten.
Urte hasieran auziperatu guztiak Auzitegi Nazionalaren aurrean zeuden, epaiketa hasteko zain. Aurreko orduetan, ordea, Guardia Zibilak Mate operazioa abiatu zuen. 16 pertsona atxilotu zituen, horietako gehienak abokatuak. Beraz, epaiketa bertan behera gelditu zen, 35 auziperatu horietatik 19 abokaturik gabe gelditu zirelako. Abokaturik gabe, «defentsa urratu» zitzaiela argudiatu zuten, eta epaiketa atzeratu egin zuen epaileak.
Orain, epaiketa egin bitartean, elkarri babesa adieraziz egingo dutela aurrera azaldu dute bost goierritarrek.













