«Epaiketa orain dugu Madrilen, baina aurretik zigortu gaituzte»
Goierriko bosten eta beste 30 euskal herritarren epaiketa abenduaren 3an hasiko da, Madrilen. Batasuna, EHAK eta EAE-ANV alderdien 35/02 sumarioak zortzi urte darama.Seguran elkartu zineten, larunbatean, Libre Eguna ospatzeko. Zer mezu zabaldu duzue?Gu...
Goierriko bosten eta beste 30 euskal herritarren epaiketa abenduaren 3an hasiko da, Madrilen. Batasuna, EHAK eta EAE-ANV alderdien 35/02 sumarioak zortzi urte darama.
Seguran elkartu zineten, larunbatean, Libre Eguna ospatzeko. Zer mezu zabaldu duzue?
Guk adierazi nahi duguna da epaiketa politiko gehiagorik ez dugula nahi. Horren aurrean elkartu egin behar dugu, eta lan egin, horrelako gauzarik gehiago gerta ez dadin; ez epaiketa politikorik, ez bestelakorik.
Segurak esanahi berezia du 35/02 sumarioan; han hasi zen.
Bai, gure epaiketaren sumarioaren hasiera hementxe gertatu zen. Atxiloketak-eta hemen egin zituzten. Segurako plaza esanguratsua da alde horretatik, eta Libre ekimeneko festa han egin dugu. Gainera, sumarioa bera Segura ezizenez izendatu dute.
Zure iritziz, zer dela-eta epaituko zaituztete 35 pertsona?
Gure garaian lan politikoa egiteagatik epaituko gaituzte. Euskal Herriak badu politika egiteko eskubidea, eta hori aldarrikatzen dugu. Horretarako, guztion artean indarrak bildu behar dira, badugulako indarra bai epaiketa politikoak geratzeko, bai etorkizun politikoa elkarrekin eraikitzeko. Estatuari aurre egin behar diogu, nahi eta nahi ez. Baina formula egokiena indarrak biltzea da, adieraziz eskubide zibil eta politiko guztien jabe garela.
Gizarteari zer paper hartzeko esan nahi diozue auzi honetan?
Aurre egiteko epaiketa hauei, eta aldarrikatzeko gure eskubidea. Politika egiteko eskubidea dugu. Salatu nahi dugu 35 euskal herritar epaituko gaituztela; horien artean bost goierritar gaude.
Epaiketaren hasiera atzeratu zuten, berriz. Abenduaren 3an hasiko da. Auzipetuak nola zaudete animoz eta?
Ez da erraza animoz ondo egotea, kolpeka dabiltzalako. Epaiketaren hasiera duela urtebete izan zen berez. Geroztik, atzeratzen ari dira, kolpeka. Horrek berak animikoki nahasten zaitu. Ideiak egiten dituzu, hor kokatzen duzu zure burua, zure antolaketa, familiarena eta lagunena. Inpotentziaren aurrean, beti bezala, hortzak erakutsi beharra dago. Estatuak nahi duena, gainera, gu desanimatzea eta desorekatzea da. Ezin da esan onartzen dugunik egoera hau, baina atzeratzeak ez gaitu hainbeste kikilduko ere. Orain espero dugu abenduaren 3an hastea. Baina berriz ere edozer gerta liteke. Ez dago gure eskuetan.
Epaiketan absoluzioaren bila joango zarete, noski.
Bai, gu horretara joango gara. Adieraziko dugu, argi eta garbi, gu politikan lanean ari garen euskal herritarrak garela. Eta, gainera, bake emakume eta gizonak garela. Guk etorkizuna libre nahi dugula. Baina Estatuak bere neurriak jartzen ditu, eta bere neurri politikoak ditu. Ziurrenik gu ere hor egongo gara sartuta. Ahal den guztia egingo dugu libre gelditzeko; errugabeak gara, lan politikoa egin dugu eta egiten ari gara. Garai hauetan, izugarrikeria bat da lan politikoa egiteagatik epaitzea.
Epaiketak hilabete batzuk iraungo duela aurreikusten da.
Abenduaren 3an hasten baldin bada, ziurrenik apirilera bitartean Madrilera bidean ibili beharko dugu bueltaka. Bai pertsonalki, bai lanean dabiltzanentzat, bai familientzat, horrek suposatzen duen endredoa eta gastua izugarria da. Baina horrela izan da aurrekoetan, eta gurean ere horrela espero dugu.
Epaiketa hau hasi aurretik, gu jada epaitu eta zigortu gaituzte: astero joan beharra izaten dugu sinatzera, gure kontu korronteak blokatuta dauzkate; fidantzetan diru pilo bat emanda daukagu, 35 lagunen artean 1,3 milioi euro; kartzelan ere egon ginen, denera 40 kartzela-urtetik gora; estatutik ezin gara irten… Debeku asko ditugu. Epaiketaren garaian bertan, kostua 189.000 eurokoa kalkulatzen dugu.
Zortzi urte egoera horretan?
Bai. 2007ko urriaren 4an hasi zen, eta gaurdaino. Zortzi urte gabiltza egoera horretan. Orain epaiketa izango dugu Madrilen, baina aurretik epaitu eta aurretik zigortu gaituzte, ez ondoren.













