Argixaora doan pasabidean murala margotzen ari dira gaur
Beldur Barik kanpainaren barruan Zumarragako gune beltz honi beste zentzu bat eman asmoz ari dira pasabideko pareta margotzen
Beldur Barik kanpainaren barruan egiten ari dira gaur, Zumarragan Argixaora bidean dagoen pasabidea margotzeko lanak. Institutuko eta Lizeoko 16 bat urte inguruko neskak ari dira ekimenean parte hartzen. Garazi Urdangarin Lahia Nahia sexologia elkarteko kideak esan duenez, toki hau “gune beltz bezala identifikatuta dago”, dagoen kokalekuagatik, iluntasunagatik eta duen egituragatik arriskutsua suertatu daitekeelako. Gaurko ekimenarekin “lekua ikustarazi eta beste zentzu bat” eman nahi zaio.
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren inguruan antolatzen da urtero Beldur Barik kanpaina. Baina gaurko ez da ekimen isolatu bat. Urdangarinek esan duenez, “ikasketa prozesu bat egiten dugu neska hauekin urte guztian zehar”, berdintasunezko balioetan sakontzeko. Neska hauek, urtean zehar egiten diren ekintza ezberdinetan hartzen dute parte, horietako batzuk, adibidez, atzo Legazpin egin zen Beldur Barik lehiaketako sari banaketan egon ziren.













