Jazpanazoka egiten ari dira Beasainen
Igartza monumentu multzoari beste erabilera bat eman eta gertuko produktuen kontsumoa sustatzea ditu helburu gaurko ekimenak
Beasaingo Jazpana kultur elkarteak antolatuta Jazapazoka egiten ari dira gaur Igartzako errotan. Hirugarren ekitaldia du aurten azokak. Garbiñe Irizar Jazpana kultur elkarteko kideak esan duenez “Euskal Herriko diseinatzaile, sortzaile eta artisauak” ekartzen saiatzen dira urtero. Aurten, 11 stand daude, mota guztietako salgaiekin.
Ekimenaren helburu nagusiena, “ekitaldi instituzionaletatik harago monumentu multzoari beste erabilera bat ematea” da. Bestea, kontsumismo komertzialaren aurrean “beste motako kontsumo bat sustatzea, gertukoa, artisau eran egindako produktuei tokia egitea”.
Arropa, osagarriak, bitxiak, gantxiloz egindako panpinak edo gozoak daude aukeran. Arratsaldeko lehen orduan jendea tantaka gerturatu bada ere, goizean zehar “jende nahikoa ibili” dela adierazi du Irizarrek, azokak urtero harrera ona izaten duela gehituz.



















