Ampo Ordizia eta Pozuelo, igandeko lehian. Argazkia: Ainhoa Muriel
Begikoak jota zegoela zirudien Ampo Ordiziak. Ez zuten etxean irabazterik lortzen; Altamiran jokatutako bost partidetatik bost galdu dituzte orain arte. Pozueloren bisita ordea, maldizio hori hausteko baliatu nahi zuten Wade Kellyren mutilek, eta baita lortu ere. 42-33 mendean hartu zuten Madrilgo taldea. Berandu, ligako bigarren itzulian etorri da etxeko lehen garaipen hori, baina iritsi da, behintzat.
Lehen minutuetan oso bizi hasi zen neurketa, bi taldeak saiatu baitira eraso jokaldiak egin eta arerioaren zelaia konkistatzen. Markagailuan ere parekatuta hasi ziren bi taldeak, harik eta Dani Aizpunek, 11nako berdinketa puskatzen zuen entsegua egin zuen arte. Lehen zatiko 17. minutua zen, baina handik aurrera, etxekoak aurretik joan ziren puntutan. Rusten beste entsegu bati esker, aldea handitu eta 28-14 aurretik zirela joan ziren aldagelara.
Bigarren zatian dena alde zutela zirudien. Beste bi entsegu lortu zituzten, baina handik aurrera erlaxatu egin ziren. Pozuelok ere ez zuen etsi, eta defentsako bonusa lortzeko zorian izan ziren. Azkenean ordea, 42-33, Ampo Ordizia nagusi. Garaipen garrantzitsua, puntu aldetik ez ezik, baita jokalarien moralarentzat ere.
Koparako sailkatuta
Igandeko garaipenari esker, Ampo Ordiziak Espainiako Erregearen Kopa jokatzeko aukera izango du. Final laurdenetan, Alcobendas izango du aurkari.