EH Bilduk ez du botorik eman Legazpiko bilkuran
Ez aldeko botorik, ez kontrakorik, ezta abstentziorik ere. Atzo goizean Legazpiko udaletxean egin zen osoko bilkuran EH Bilduk ez zuen proposamen bat beraren inguruko botorik eman. Arrazoia: bilkura goizeko bederatzietara aldatu izanaren ondorioz, alde...
Atzo eguerdian omenaldia egin zieten udaletxeko lau langileri, aurten erretiroa hartu dutelako. Jose Migel Arratibel, Manuel Santa Ageda, Xabier Lopez de Muniain eta Mariaje Galartza dira erretiratutako lau langileak. Omenaldian udaleko ordezkariak egon ahal izateko aurreratu zuten osoko bilkura goizeko bederatzietara.
‘Gerrari ez!’ mozioa onartua
Osoko bilkuran hartutako erabakiei dagokienez, Irabazik aurkeztutako Gerrari ez! mozioa onartu zuten, PSE-EEren, EAJren eta Irabaziren aldeko botoekin. «Beldurraren politikarekin» amaitzeko eskatzen du mozioak, bai jihadisten aldetik, baita Europako eta AEBetako agintarien aldetik ere. «Demokrazian sinesten dugu, bonbardaketek ez dute bakea ekarriko». Era berean, Ez nire izenean izeneko manifestua sinatzeko eskatzen du mozioak.
Bestalde, galderen eta erreguen txandan hainbat gai atera zituzten. Alberto Bezunartea Irabaziko zinegotziak Urtatzako bizilagunen kexa bat jarri zuen mahai gainean: ur biltegia eraiki bitartean behin behinean jarritako ur ponpek ateratzen duten zarataren ondorioz, hainbat bizilagunek lo egiteko arazoak dituzte. Zarata gutxitzeko ur ponpen inguruan babesak jartzea eskatu zuen Bezunarteak, baina ezezkoa erantzun zion alkateak, ur biltegiaren lanak dagoeneko martxan direla argudiatuz.
Urtatzarako bideko iturriaren ingurua txukuntzeko eta Urretxura doan bidegorrian paperontziak jartzeko ere eskatu zen.













