Astotxo eguneko lehiaketan 100 asto erakutsiko dituzte Lazkaon, eta antzerkia 150 lazkaotarrek egingo dute
Igandean ospatuko dute Lazkaon Astotxo eguna, ohitura den bezala Errege hurrengo igandean. Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako 17. lehiaketa eta kalifikazio ofiziala izango dira, goizean zehar, plazan. 09:00etan jarriko dituzte 100 bat asto erakusketan. Epaimahaiko batek Enkarterri arraza autoktonokoak diren ziurtagiriak banatzeko behaketa egingo du; adinez, emeek gutxienez 2,5 urte eta arrek 3 urte behar dute. 12:00ak aldera ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute.
Eguneko beste ezaugarri bat Egiptorako ihesa antzezlana izango da, Lazkao Txiki Zelaian. 13:00etan hasiko da, eta 150 bat lazkaotar jantziko dira duela bi mila urteko Egipto irudikatzen duen agertoki erraldoian. Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesa, Herodesen dekretua eta haurren harrapaketa antzeztuko dituzte. Jantziteriaren zati bat berritu dute aurten.
Aurretik, 12:45ean, Astotxo Txikia egingo dute haurrek. Desfilea izango da, Beneditarren monasterio paretik Zelaira.
Astotxo egunak 1642an du jatorria. Zistertar mojen komentuko elizan familia sakratuaren irudiak jarriko dituzte, protagonismoa astotxoari emanda.