Guztientzako paella
San Blas patroiaren eguna ospatu zuten atzo Idiazabalen, kuadrilen eguna. Goizean helduen eta gaztetxoen txirrindulari lasterketa egin zuten, eta eguerdian paella jana egin zutenSan Blas eguna ospatu zuten atzo Idiazabalen, patroiaren eta kuadrillen eg...
San Blas patroiaren eguna ospatu zuten atzo Idiazabalen, kuadrilen eguna. Goizean helduen eta gaztetxoen txirrindulari lasterketa egin zuten, eta eguerdian paella jana egin zuten
San Blas eguna ospatu zuten atzo Idiazabalen, patroiaren eta kuadrillen eguna. Herriko festetan murgilduta ibili ziren idiazabaldarrak, eta gaur iluntzeko 20:00etan agurtuko dute datorren urtera arte axaria.Ohikoa den moduan, herritar gehienak eguerdian plazako karpara inguratu ziren paella jatera. Ordubiak inguruan hasi ziren goizean zehar prestatutako paella banatzen, eta plaza jendez bete zen. Aurten paellarekin atera den dirua (lau euro balio zuen txartelak) Afrikako Txirrindularitza Proiektu Solidarioa Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izan da. Erakunde hori izan da Etiopiako txirrindularitza akademia sortu duena.
Txirrindu gainean
Eguerdiko 12:00etan egin zen helduen lasterketa. Hamahiru txirrindulari atera ziren, eta Aitor Zuriarrain izan zen helmugara iritsi zen lehena. Unai Santos izan zen bigarrena, eta hirugarrena Mikel Lasa. Banatu ziren sariak, hala ere, hiru baino gehiago izan ziren. Lasterketako azkarrenek podiuma osatu zuten arren, lasterketa itxi zuen txirrindulariari, gazteenari eta beteranoenari, lasterketan jarrera lehiakorrena erakutsi zuenari, esprint bereziena egin zuenari, eta baita Ampo-Poyam eta mendiko (Benta-txiki pareko) sariak ere eman ziren. Mendiko sariaren kasuan sailkapen orokorrean laugarren postuan gelditu zuenari eman zioten, bere aurretik gelditu zirenak jada saria bazutelako. Lasterketa herrikoia da, eta helburua ahalik eta gehienek saria izatea da.
Gaztetxoak ere bizikletan
Helduen lasterketa egin baino ordubete lehenago, 11:00etan, gaztetxoen txirrindulari lasterketa egin zuten. Bertan, adinetan banatu ziren kategoriak, eta neska eta mutiletan. Saria eraman zuten maila bakoitzeko lehenengo hiruek. 6-7 urtekoetan, nesketan Elaia Alberdi, Iraia Serrano eta Maddi Tamayo izan ziren lehenak; mutiletan Unai Aranburu, Lizar Etxeberria eta Eñaut Gurrutxaga, hurrenez hurren. 8-9 urtekoetan, berriz, Paule Acin izan zen lehenengoa, Irati Gelbentzu bigarrena, eta Paule Iglesias hirugarrena. Eneko Oliveira nagusitu zen mutiletan, Odei Eskalante eta Aimar Suduperen aurretik. Azkenik, 10-11 urtekoek jaso zituzten sariak. Lexuri Iparragirre izan zen neska azkarrena, bigarrena Sara Artola, eta Maren Irastorzak osatu zuen podiuma. Mutiletan, Iker Garcia, Mikel Lopez eta Ibai Iparragirre izan ziren lasterketa bukatzen azkarrenak.













