2016rako 10,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute, EAJ eta PSE-EEren botoekin
EH Bilduk eta Irabazik aurka bozkatu dute. Enmendakinak aurkeztu dituze bi alderdiek, baina ez da bakar bat ere onartu. Agirre Etxeberri eraikina berritzeko da inbertsio handienaLegazpiko Udalak 2016rako udal aurrekontua onartu zuen asteazkeneko osoko ...
EH Bilduk eta Irabazik aurka bozkatu dute. Enmendakinak aurkeztu dituze bi alderdiek, baina ez da bakar bat ere onartu. Agirre Etxeberri eraikina berritzeko da inbertsio handiena
Legazpiko Udalak 2016rako udal aurrekontua onartu zuen asteazkeneko osoko bilkuran. Onartutako aurrekontua 10.591.559 eurokoa da, 2015ekoa baino %0,73a txikiagoa. Lurralde atalera bideratuko dute %35a, herritartasunera %42a eta antolaketara %23a. Inbertsioa 1,5 milioi eurokoa izango da. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu aurrekontu proiektuak: aldeko zazpi boto. EH Bilduk eta Irabazik, berriz, aurkako botoa eman dute: sei boto.Lehen mailako gizarte laguntzarako programa garatzeko izango da diru partidarik handiena: 1,6 miloi euro. Hainbat inbertsio egingo dituzte: 50.000 euro Meazti Etxean eta Gizarte Zentroan obrak egiteko eta 15.000 euro eguneko zentroan eta babespeko etxebizitzetan plaza kopurua handitzea aztertzeko. 2.000 euroko diru partida bat ere bideratu da, errefuxiatuei laguntzeko.
Bigarren diru partidarik handiena kirola sustatzeko izango da: milioi bat euro. 43.350 euro bideratuko dituzte klubentzako eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzako. Horrez gain, hainbat inbertsio: 60.000 euro igerilekuko iragazkia aldatzeko, 10.000 euro baloiak futbol zelaitik errepidera irtetzea sahiesteko eta beste 10.000 euro kiroldegiko kantxa aklimatatzeko eta kondentsazio arazoa konpontzeko.
Auzoek dute lehentasuna
Hirugarren diru partidarik handiena, bide publikoetarako: 890.588 euro. Diru partida horren erdia, gutxi gorabehera, ondorengo lanak egiteko erabiliko dute: errepideak asfaltatu, Laubide auzoko atari bakoitietan obrak egin, Brinkolako Guriditegi auzoko urbanizazio lanak amaitu, Plazaola kaleko haur parkea estali eta Arantzazu auzoko espaloiak konpondu.
Ikus daitekeenez, udal gobernuak ez du 2016ko aurrekontuetan sartu Kale Nagusia berritzeko bigarren fasea. Alkateak azaldu duenez, azken urteetan erdigunean egin dira lanak, eta oreka mantendu nahian, aurten auzoei emango diete lehentasuna. Kale Nagusiko obrekin 2017an jarraituko dute. EH Bilduk gogor kritikatu zuen erabakia, eta Kale Nagusia lehentasuna izan beharko litzatekela adierazi zuen Urtzelaik.
Bestalde, Agirre Etxeberri eraikina birmoldatzeko lanekin hasiko da udala 2016an. Proiektua idatzita dute dagoeneko, eta datozen hilabeteetan egingo dituzte kontratazioak. Eusko Jaurlaritzatik 298.000 euroko diru laguntza jaso dute proiekturako. Agirre Etxeberri eraikinean musika eskola jarriko dute. 2016ko inbertsiorik handiena izango da.
HAZ Herritarren Arreta Zerbitzu integrala ere ezarri nahi du udalak aurten, eta horretarako 160.000 euro bideratu dituzte. Herritarrekiko harremana hobetzea eta tramitazioak erraztea dira helburuak. EH Bilduk ere begi onez ikusi du diru partida hori.
Gazteria eta kultura atalei dagokienez, 5.000 euroko partida bideratu dute Bikuñako musika lokaletarako, 6.000 euro gaztetxerako eta 15.000 euro Gaztematika programa martxan jartzeari buruzko azterketa egiteko. Kulturan, 13.000 euro erabiliko dira liburutegiko fondoa zabaltzeko eta 25.000 euro kultur etxeko areto nagusia berritzeko.
Bestalde, hainbat hirigintzako proiektu idatziko dituzte 2016an. Besteak beste, Latxartegin lurpeko aparkalekua egiteko proiektua. Horrez gain, auzoen urbanizazio integralerako plana, Urtatza eta Itxaropen auzoetan eskailera mekanikoak edo igogailuak eraikitzeko proiektuak eta planimetria azterketa bat. Proiektuen kostu ekonomikoa ezagutzea da helburua, ondoren gauzatu ahal izateko.
Zabor bilketari dagokionez, tasak %10 igo dira aurten. Joan den asteaz geroztik edukiontzi sistema dute martxan, eta oraindik ez dakite zehazki zenbatekoa izango den bilketa kostua. Zabor tasekin biltzen dena baino txikiagoa dela ikusten badute, 2016ko bigarren sehilekoan zabor tasak egokitzea aurreikusi dute.
Tentsio handiko bilkura
Aurrekontuak aurrera atera baziren ere, asteazkeneko bilkura luze joan zen —lau ordu pasatxo eman zituzten aurrekontuen puntuarekin— eta desadostasun handiak izan ziren Irabazi eta EH Bilduren aldetik. Irabaziko Alberto Bezunarteak adierazi zuen aurrekontuan ez dela berak batzordeetan proposatutako puntu bakar bat ere kontuan izan, eta gutxietsita sentitu dela.
EH Bilduk hiru arrazoi nagusi eman zituen aurrekontuen aurkako botoa emateko: gizarte zerbitzuetako partida murriztea —etxez etxeko laguntza zerbitzurako partida murriztu dute %11—, herritarren interesak ez babestea eta diru publikoarekin enpresa pribatuak finantzatzea. Zehazki, Lenbur Fundazioari egin beharreko aportazioa bikoiztea kritikatu zuen Urtzelaik. 2016an iaz baino 18.000 mila euro gehiago emango dizkio udalak Lenburri.
Horrez gain, udalak ehun autorentzako aparkaleku bat jarri nahi du Lenburrek paper fabrikan duen lur eremu batean. Eremu hori erabiltzeagatik, udalak dirua ordainduko dio urtero Lenburri, eta etekinak udalarentzat izango dira. Urtzelairen ustez, Lenbur zeharka finantzatzea da aparkalekuaren helburua.
Irabazik eta EH Bilduk enmendakinak aurkeztu zizkioten aurrekontu proiektuari, baina ez ziren aurrera atera, EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin.













