Erriberako orburua plazan protagonista
Martxoko lehen ferian orburuen hilabetean sartu gara, eguraldiak eragindako bitxikeri franko ahoz aho ibili den bitartean.
Orburuen garaian gaude, eguraldia lagun, oraintxe bete-betean. Ferian protagonismo berezia emango zaio barazki horri 12 hilabete 12 produktu kanpainaren barnean eta propio prestatutako mahaian kilo mordoxka saltzearen ardura hartuko dute plaza inguruan jarri ohi diren fruta saltzaileek. Atzo Jose Luis Amatrianen txanda izan zen, eta freskoak ez ezik, orburuak poteetan ere salgai zituen. Prezioa 3,95 eurokoa zen, Tuterako orburu dozena freskoarena. Dozenaka saltzearena jatorrizko izendapenari lotua da, eta zergatia galdetuta «nire ustez betitik hola egin dute haiekin, eta merma handia duelako bestelako pisuetara ekarrita» zioen Amatrianek. Poteak, berriz, 3 eta 4,5 eurokoak zituen.
Erriberako beste produktu bat ere ekartzen hasi dira, zainzuriak, baina oraindik kilo gutxi. Kiloa 7,5 euroan zen.
Naturaren indarra
Naturarekin harreman zuzena izan eta hainbat elementutan erreparatzeko gaitasuna dutenen artean makina bat kontu berezi entzuten da badoakigun udazken-negu honi buruz. «Haritzak ostotzen, berde-berde daude dagoenekoz»; «Elorri beltza txuri-txuri aspaldi, aurten bezain goiz ez dut behin ere ikusi»; «Arana ere aspaldi, ia bi hilabetera joango da loretu zela, pepita ere hartua du eta nire harridurarako ez zaio erortzen ari orain artekoan». Naturarekiko harreman handia duten goierritarrak astero bildu ohi dira multzotan plazan, eta haiei jasotakoak dira. Mimosari ere xelebrekeria gertatu zaio aurten. Batzuk eguberrietarako loretu ziren eta beste batzuk oraintxe. «Gure arbolak oraintxe alde baten puri-purian du lorea eta beste aldekoa, berriz, zeharo pasatua; halako diferentzi nabarmenik sekula ez du izan» aipatzen zuen Juanita Murgiondo mutiloarrak.
Baratzezainak, berriz, ilarrei eta babei begira daude. Abenduan aurreikusten zen puntu emankorrean dauden honetan, naturaren nagusitasuna beste behin ere nabarmen geratu da.
Arkumeak eta San Jose
Lau arkuma buru saldu ziren (3 € kiloa). Datorren astean, San Jose hurbiltzen ari dela eta, pixka bat garestituko da (3,15 € gehi BEZ, etxez etxeko bilketan).
Motrildik (Granada) patata berria ekarri dute (1-1,40 € kiloa). Hemengoa oraindik ereiteko dago gehienetan eta eguraldiak ziurtasun handiagoa eman arte hala aholkatzen dute saltzaileek.
- Aste honetako prezioak












