Gabirian 18 egun ekitaldiz jantziko ditu Udaberri Kulturala zikloak
Film laburren emanaldia da lehenengo saioa, bihar. Leharrei mendi lasterketa, bertso sariak, hitzaldiak eta ikuskariak daude. Maiatzaren 22an bukatuko da
Gabiriako Udalaren Kultura Batzordeak prestatutako Udaberri Kulturala egitaraua bihar hasiko da. Hiru hilabete luzatuko da denboran, maiatzaren 22ra arte. Bien bitartean, 18 egunetan izango da ekitaldiren bat.
Garai bateko kultur astearen zabalpena da Udaberri Kulturala. Astebetean biltzen ziren ekitaldiak ia udaberri osoan zabaldu izan dira, azken urteetan. Horrez gain, urtero aro horretan antolatu ohi diren saioak ere barruan hartu ditu, Aztiri eta Osinalde bertso sariketak, jubilatu eguna edo Aberri eguna, kasu.
Iazko bideari segiz, goi mailako kirolariekin mahai-inguru bat izango da, aurten ere. Iñaki Azurmendi aizkolaria, Aloña Galarraga segalaria, Enara Cacho errugbilaria eta Iñaki Alberdi eta Iñigo Alustiza rally gidariak elkartuko dira, martxoaren 18an. Berria egunkariko Jon Escudero kirol kazetaria ariko da aurkezle eta galdetzaile.
Ekitaldi berrien artean, Leharrei mendi lasterketa dago.
Film motzak ikusgai, bihar
Estreinako ekitaldirako, Euskal Harriaren ABDak emanaldia antolatu dute. Bihar 22:00etan da, kultur etxeko areto nagusian. Euskal Herriko 26 zinema-zuzendarik ekoitzitako sorta da. Euskal alfabetoko 26 hizkietako bat egokitu zitzaion bakoitzari, eta hizki horretatik abiatuta beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko filmak egin dituzte. Tartean dira KKinZona eta Jazpana eragile goierritarrenak.
Hitzaldi aukera ere aberatsa izango da: Jakoba Errekondo, Felix Zubia, Goiener enpresa, Karmelo Aiesta eta Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano ariko dira, bakoitza bere arloan.
UDABERRI KULTURALA Martxoa 4. ‘Euskal Harriaren ABDak’ film laburren emanaldia. 11. Karmelo Aiestaren hitzaldia: ‘Goza daiteke gehiago. Euskal-dun baten hizkuntza bidaia’. 16. Sukaldari ikastaroa Aztirian. 18. Kirolarien mahai-ingurua. 19. Aztiri bertso sariketa. 20. Mendi ibilaldia, Leharreikoa. 27. Aberri Eguna. Apirila 2. Osinalde bertso sariketa. 9. Leharrei mendi lasterketa. 15. ‘Errezildarren ateraldiak’, Laxaro Azkuneren eta Imanol Lazkanoren solasaldia. 16. Eskola-umeekin grabaturiko bideo emanaldia, Emun-ekin. 20. Jakoba Errekondoren hitzaldia, ‘Bizi baratzea’. 24. Jubilatuen eguna. 26. Felix Zubia medikuaren hitzaldia. 30. ‘Kondaira baten truke’ kale antzerkia, haurrentzat. Maiatza 6. Goiener energia berriztagarri kooperatibakoen hitzaldia. 7. Irakurle Txokoa. 22. Txindata musika eskolakoen kontzertua.












