Birrako eta Mokela taldeek jokatuko dute lagunarteko saskibaloiko finala
Bihar jokatuko da finala, 19:00etan, Jose Migel Barandiaran plazan.
Barandiaran plazan jokatzen dira saskibaloi txapelketak.Loinaz Agirre Kuadrilla arteko futbol txapelketa eta eskuz binakako pilota txapelketako irabazleak izendatuta, lagunarteko saskibaloi txapelketaren 43. aldia ere bere amaierara iritsi da. Bihar, 19:00etan, Jose Migel Barandiaran plazan egokituriko saskibaloi kantxan jokatuko da txapelketaren final handia. Asteleheneko final-erdietan aurkariak menderatuta finalerako txartela eskuratu zuten Mokela eta Birrako taldeek. Mokelak 48-35 irabazi zion Txinkuri, eta Birrakok 56-48 Sanberri. Iazko txapelketa ere Mokelak irabazi zuen, Tzulo taldea 73-45 mendean hartuta.
Aurtengo txapelketan denera, 27 lagun taldek eman dute izena, iaz baino hiru talde gutxiagok, eta sei taldeko bi multzo eta bost taldeko beste hiru osatuta ekin zioten joan den ekainean txapelketari. Bada, orain, lehiaketaren azken txanpa falta da, eta Santa Ana jaietako txupinazo ofizialaren aurretik jokatuko da final handia, jaietako giroa berotzeko asmoz.













