«Ahaztutako biktimekiko urte luzeko dedikazioari aitortza bat da»
Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti omendu ditu joan den ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismoaren biktimen ikerketan, desagertutako pertsonen hobien lokalizazioan edota gorpuzkien berreskurapenean eta identifikazioan egindako lanagatik.
Paco Etxeberria mediku eta antropologo forentsea.Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak Lourdes Herrasti (Donostia, 1958) eta Paco Etxeberria (Beasain, 1957) omendu ditu joan den ostiralean Donostian, Aieteko Jauregiko lorategian, 1936ko estatu-kolpearen eta gerraren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez, ekitaldi instituzional batean. Herrasti zein Etxeberria erreferente dira frankismoaren biktimen ikerketan, desagertutako pertsonen hobien lokalizazioan, gorpuzkien berreskurapenean eta identifikazioan, eta haien ibilbideak ekarpen erabakigarria egin dio memoria demokratikoaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko lanari.
Zer esanahi du omenaldiak zuretzat?
Egiatan, ahaztutako biktimekiko urte luzeko dedikazioari aitortza bat da. Horiei aitortza instituzionala falta zitzaien jasandako injustiziengatik. Ez da meritu pertsonala baizik eta talde oso batena, memoria historikoaren eta gertatu berrien memoriaren ontasunak ikusarazten sortu dugun talde batena.
90 urte bete dira 1936ko estatu-kolpetik. Memoria falta da belaunaldi gazteetan?
Belaunaldi gazteagoek dituzten kezkak eta nire belaunaldiak adin berean zituen kezkak ezberdinak dira, bestelako kezkak dituzte. Guk diktadura bat bizi izan genuen eta zaila egiten zaigu azaltzea zer den askatasun falta. Dena zegoen zigortua edo delitua zen. Euskal Herriarentzako unibertsitate publiko bat aldarrikatzea ere jazarria zen.
Frankismoa bizi izan zenuen. Arrastoak gelditzen dira?
Gure artean badago soziologia frankista bat ikuspegi prekonstituzional ahul bat duena. Eta horrek okerrera egin dezake jende gazteena bozkatzera ez badoa, existitzen dela dirudien interes falta horrengatik. Etsita sentitu daitezke, baina haien etorkizuna dago jokoan.
Eskuin muturra eta faxismoak indarra hartu du jende gaztearen artean zenbait espaziotan espainiar estatuan. VOX, Aliança Catalana, orain Nucleo Nacional… zer datorkizu burura horiek aipatzean?
Fuerza Nuevako minoria, unibertsitatean jipoitzen gintuena garai hartako boterearen babesean. Beldurra ematen du lortu ditugun aurrerapen sozialen inboluzioan pentsatzeak.
Hezkuntzan egin da akatsa, hezkuntza falta da memoriaren arloan? Edo biktimen erreparazio integral baten faltak jarrera zaharrak berpizten ditu?
Ez naiz aditua. Formakuntzaz hitz egiten dugu eta gutxi hezkuntzaz. Ez ditugu garapen jasangarria eta hazte jasangarria bereizten. Ez ditugu neutraltasuna eta inpartzialtasuna bereizten, ez baitira gauza bera. Ez dugu Miguel de Unamuno ezagutzen, XX. mendeko pentsalari libre garrantzitsuena, euskal herritarra zena.
Memoria historikoa berreskuratzea izan da zure lanaren eta egitekoaren ardatz. Bokaziozkoa izan da?
Afrikan haur bat gosez hiltzen denean injustizia batengatik dela konturatu nintzenean izan zen. Eta eskubideak dituzten biktimak baldin badaude, besteok, gizarteak, denok, betebeharrak ditugu egiteko.
Lourdes Herrasti ere omendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, zurekin batera. Biok zarete Aranzadiren parte. Zer garrantzi izan du Aranzadik zuen ibilbidean?
Unibertsitatean ikasle ginenean ezagutu genuen elkar. Ni Aranzadira praka motzetan iritsi nintzen. Begiak ireki zitzaizkidan eta horrek guztiak gure bokazioak kanalizatzeko aukera eman zuen, ordezkatuko gaituen jende gazteagoarekin gaur egun gertatzen den bezala.

Ibilbideari aitortza
Aieteko Jauregian izan zen ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak Herrastiri eta Etxeberriari egindako omenaldi ekitaldia. Ez zen ausaz aukeratutako lekua izan, 1936ko gerraren eta ondorengo diktadurarekin estu lotutako espazioa baita: Francoren udako egoitza izan zen. Azken urteotan, erakundeak espazio horri esanahi berria emateko lanean ari dira, eta testuinguru horretan kokatu dute aitortza ekitaldia.
Ekitaldian biek memoria demokratikoa berreskuratzen, frankismoaren biktimak ikertzen eta desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen egindako ekarpena nabarmendu eta eskertu zuten.
Ion Gambra Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak “aitortzarik zintzoena” helarazi zien. “Memoria guztion artean eraikitzen ez bada, ez dago benetako elkarbizitza demokratikorik. Gaur egun, muturreko diskurtsoek eta joera autoritarioek gero eta presentzia handiagoa duten honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da memoria demokratikoa zaintzen, lantzen eta gizarteratzen jarraitzea. Horregatik, gaur bezalako egun esanguratsu batean, berriz ere berresten dugu giza eskubideekin, tolerantziarekin eta elkarbizitza demokratikoarekin dugun konpromisoa. Era berean, gerraren, frankismoaren eta diktaduraren biktimen memoria bizirik mantentzeko, egia argitzeko, justizia egiteko eta erreparazioa sustatzeko dugun konpromisoa ere berresten dugu. Horixe baita iraganari zor dioguna, eta etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi diegun ondarea”.













