«Prestaketa lan handia dago zuzendari lanaren atzean»
Martxoaz geroztik Beti Argi Bandako zuzendari da Joseba Bonastre (Ordizia, 2005), eta aurreneko Santa Ana jaiak ditu taldearen gidaritzapean.
Joseba Bonastrek era berezian biziko ditu aurten Santa Ana jaiak, herriko musika bandako zuzendari berria baita.
Musikazalea izan zara beti.
Txiki-txikitatik. Gainontzeko haur gehienak bezala, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan musika eskolan hasi nintzen. 8 urterekin tronboia jotzen hasi nintzen, eta orduz geroztik, instrumentu horrekin jarraitu dut. 12-13 urterekin Musika Eskolako Bandan sartu nintzen, eta 15 urte ingururekin egin nuen Banda Handirako saltoa. Orain 2 urte kontserbatorioan hasi nintzen, eta ikasketak egiten ari naiz oraindik.
Bandako kide izatetik, zuzendari izatera igaro zara, 5 urte eskasean.
Orain arte banda zuzentzen ari zen pertsona nekatuta zegoen, eta martxoan, San Jose eguneko kontzertua hasi aurretik, zuzendaritza hartzeko proposamena egin zidan. Pentsatzeko denbora behar nuela esan nion, baina azkenerako baiezkoa izan zen. Berak bandako kide ordiziar batek nahi zuen ardura hartzea eta ni hautatu ninduen.
Zalantzak izan zenituen?
Bai. Bandako zuzendari izatea ez da lan erraza: kide guztiak gidatu behar dira, eta denek erritmo zein armonia berean jotzea lortu. Aurreneko proba gisa, zera eskaini zidan: martxoko kontzertu hartako azken pieza nik neuk zuzentzea, eta ekaineko kontzerturako aurrelanak proba modura erabiltzea. Hala, martxotik ekainera bitarte, nik gidatu nituen entseguak, eta esperientziarekin gustura sentitu nintzenez, ardura hartzea erabaki nuen.
Ardura handiko lana.
Instrumentu asko daude, eta garrantzitsua da denak batera eramatea, armonia sortzeko eta bakoitza dagokion unean modu egokian sartzeko. Kanpotik ematen du zuzendariaren lana makila mugitzea dela, baina askoz gehiago da: errepertorioa aukeratu behar du, piezak bandaren osaketara egokitu, entseguak prestatu eta koordinazio lana egin. Ardura handiko lana da.
“Komunitate sendoa dugu taldekideen artean, eta horrek erraztu egiten du atzeko lan guztia”
Nola kudeatzen duzu hori guztia 21 urterekin?
Ardura sentitzen dut, noski, baina ez dut bestelako presio berezirik sentitzen. Taldean giro atsegina dugu, eta ondo moldatzen gara elkarren artean; entseguak dibertigarriak izaten dira, eta entsegu osteak ere bai. Komunitate sendoa dugu, eta horrek erraztu egiten du atzeko lan guztia.
Santa Ana jaietan ekitaldi ugari izango dituzue, ezta?
Bai, haurren zein helduen herri danborradetan parte hartzen dugu, eta kalejirak ere egiten ditugu. Ostiralean helduen danborradan aterako gara, eta larunbatean, igandean eta astelehenean, berriz, herriko kaleetan barrena kalejiran arituko gara. Emanaldi solteak izaten dira. Gainerakoan, beste hainbeste emanaldi nagusi izaten ditugu urte osoan zehar: martxoko San Jose eguneko pop-rock kontzertua; Korpus egunekoa, ekainean; Santa Zeziliakoa, azaroan; eta Gabonetan, kontzertu berezia abenduaren 25ean, Kattalin abenduaren 31n eta errege kabalgatan.
Zein da zure gustukoena?
Musikalki, Gabonetako kontzertua asko gustatzen zait, oso giro berezia sortzen delako, baina jaietako ekitaldiak ere oso gogokoak ditut. Helduen danborrada aukeratuko nuke. Herri osoa plaza nagusian elkartzen da, eta une oso hunkigarria izaten da.












