Irakurtzeko eskubidea
Irakurtzeko zailtasunak dituen jendearen irakurtzeko eskubidea bermatzeko, martxan da Irakurketa Erraza egitasmoa. Ordizian eta Legazpin proiektua ezagutarazten ari dira.
“Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea” Asun Jauregi (Legazpi eta Ordiziako Garaguneen arduraduna) “Legazpiko Udalean testuak moldatzeko eta irakurketa errazteko talde bat sortzeko asmoa dugu” Isa Sanz (Legazpiko Udaleko hezkuntza teknikaria)Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du. Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu. Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan… 2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.
Erakusketa, hitzaldiak eta ikastaro bat
Erakusketa hilaren 16ra arte egongo da Ordiziako kultur etxean, eta hilaren 18tik apirilaren 8ra, berriz, Legazpiko kultur etxean. Bestalde, hitzaldiei dagokienez, Ordiziakoa gaur izango da: 19:00etan, kultur etxean. Legazpikoa apirilaren 6rako antolatu dute: 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Legazpiarrek ikastaro bat ere antolatu dute, hamabi ordukoa. Eskolak apirilaren 9, 15 eta 16an izango dira. Hezitzaileentzat, laguntza zerbitzuetako langileentzat, irakasleentzat, liburuzainentzat eta terapeutentzat da batez ere, baina nahi dutenek parte har dezakete. Izena emateko, 943 73 72 02 zenbakira deitu edo liburutegia@legazpi.eus helbidera idatzi.














