Goierriren erabakimena, eguneratuta
Araman ehunka hautetsik berretsi dute 1931ko autodeterminazio nahiaren agiria. Gaur egungo nahiz 1979tik 2015era arteko hautetsiek sinatu dute, herrika. Ekainean «demokrazian sakontzeko» esan duteEkitaldi xume izan behar zuenak, aurretiko kalkulu guz...
Araman ehunka hautetsik berretsi dute 1931ko autodeterminazio nahiaren agiria. Gaur egungo nahiz 1979tik 2015era arteko hautetsiek sinatu dute, herrika. Ekainean «demokrazian sakontzeko» esan dute
Ekitaldi xume izan behar zuenak, aurretiko kalkulu guztiak gainditu zituen. Araman, larunbat goizean, Goierriko 350 bat udal hautetsi elkartu ziren. Espero baino gehiago. Goitik behera eta ezker-eskuin bete zituzten Loitza pilotalekuko harmailak.Gure Esku Dagok Elkarrekin prozesuari bultzada instituzional bat emateko balio izan zuen. Goierriko herri guztietako udal ordezkariak bertaratu ziren, 1979tik orain arterainoko zinegotzi eta alkate andana.
Biltzeko aitzakia, 1931ko apirilaren 16an Araman —eta Altzagan— lehenengo aldiz autodeterminazio nahia aldarrikatu zuteneko efemeridea —85 urte bete ziren, justu— ospatzea zen. Mamia, berriz, ekainerako deituta dagoen galdeketan parte hartzeko deia egitea.
Larunbatean, 11:00etan hasi zen ekitaldia, Inaxio Usarraldek aurkeztuta. Mikel Aramendi kazetari itsasondoarrari eman zion berehala hitza. Frontoi erdian jarritako hautetsontzi bati begira eta harmaila bete hautetsi bizkarrean zituela, duela 85 urteko aldarrikapenaren kontestu historikoa azaldu zuen Aramendik.
«Historiaren olatuan»
Hasi aurretik aitortu zion kazetariari: «Uste baino erpin gehiago ditu orduko giroak». Errepublika sortzea; udalek euskal errepublika eskatzea; autodeterminazio kontzeptua; estatuak, estatusak eta estatutuak. Denak errepasatu zituen, gero.
«Gure testuinguruan, 1931n autodeterminazio esapidea agertzeak izugarrizko jauzi politikoa suposatu zuen. Batez ere lotu zuelako herritasunaren erabakimena jendearengan. Gurean hori hain goiz ikusteak oiloipurdia sorrarazten dit. Zeren hori sinatu zutenak egun hartan historiaren olatuaren muturrean ipini ziren».
Historia gaurkotzea izan zen ekitaldiaren bigarren zatiaren egitekoa. Aramako alkate Asier Mujikak irakurri zuen ondoren denek sinatuko zuten agiria —aldameneko testua da—. Haren birraitona Joaquin Mujika zen alkate Araman 1931ko apirilaren 16 hartan. Aita eta aitona ere herriko alkate izanak dira.
Bi kopia sinatu dituzte
Aramako hautetsiengandik ha- si, eta gero alfabetikoki Goierriko 23 udalerrietako ordezkariek sinatu zuten agiria, banan-banan. Bina orritan utzi dute erabakitze eskubidea gauzatzeko nahia agertzen duen agiria: kopia bat Aramako udaletxean gordeko dute, eta bestea Lazkaoko Beneditarren Artxiboan.













