EAJk eta PSE-EEk berretsi egin dute programa akordioa, herria «hazteko»
Uztailean sinatu zuten akordioa, eta orain arteko emaitzak modu positiboan baloratu dituzte. 2016an auzoei eta klima aldaketaren aurkako borrokari emango diete lehentasuna bi alderdiekLegazpiko EAJk eta PSE-EEk iazko uztailean sinatu zuten programa ako...
Uztailean sinatu zuten akordioa, eta orain arteko emaitzak modu positiboan baloratu dituzte. 2016an auzoei eta klima aldaketaren aurkako borrokari emango diete lehentasuna bi alderdiek
Legazpiko EAJk eta PSE-EEk iazko uztailean sinatu zuten programa akordioa. Hainbat konpromiso hartu zituzten ordukoan, eta orain konpromiso haiek berretsi dituzte 2016ari begira. Asteazkenean egin zuten agerraldia prentsa aurrean, EAJko bost zinegotziek eta PSE-EEko biek.Bi alderdien artean adostutako programak Legazpi haziaraziko duela uste du Koldobike Olabide alkateak. Modu positiboan baloratu zituen orain arte elkarlanean emandako pausoak, eta akordioan sinesten duela adierazi zuen. «Gogoz eta ilusioz ari gara lanean, buru belarri, egindako lanak emaitzak ematen dituela ikusi dugulako». Olabideren esanetan, 2015ean ezin izan zuten nahi adina egin, aurrekontuak dagoeneko onartuta zeudelako gobernura iritsi zirenean. Aurtengo aurrekontua, ordea, PSE-EErekin duten akordioan oinarrituta prestatu dute.
Aurtengo inbertsiorik garrantzitsuena, Agirre Etxeberri eraikinean musika eskola jartzeko egingo dute. Iazko aurrekontuko gerakineko 650.000 euro eta Eusko Jaurlaritzaren 300.000 euroko diru laguntza erabiliko dituzte horretarako.
Bestetik, auzoei ere garrantzia eman diete. Inbertsioak ahalik eta auzo gehienen artean banatzea da udalaren helburua. «Badakit ez garela guztietara iritsiko, baliabideak mugatuak direlako, baina iristen zaizkigun eskaerei erantzuna ematen saiatuko gara», adierazi du Olabidek. Aurten, auzoetako irisgarritasun arazoei eta asfaltatze lanei emango diete lehentasuna.
Auzoak eta klima aldaketa
Guztira, 901.500 euroko inbertsioa aurreikusten da auzo ezberdinetarako. Besteak beste, Urtatza auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea eman nahi diete, eskailera mekanikoak edota igogailua jarrita. 175.000 euro gorde dituzte horretarako. Dena den, erdiguneaz ere ez dira ahaztuko: 175.000 euroko inbertsioa egingo dute Plazaolako parkea eraberritu eta estaltzeko.
Klima aldaketaren aurkako borrokari ere lehentasuna emango diote. «Lantzaren puntan egon nahi dugu», esan du Olabidek. Besteak beste, Legazpi Klima 2030 ekintza plana jarri dute martxan —atzo egin zuten lehen Agenda 21 foroa gaiaren inguruan, herritarren ekarpenak jasotzeko—. Bide horretan, energia kontsumoa murrizteko, 118.000 euroko inbertsioa egingo dute argiteria berritzeko. Igerilekuan, berriz, efizientzia energetikorako sistema berri bat jarriko dute martxan.













