Andaluziako apirileko feria izan da arreta gehien piztuen duen mozorroetako bat.
Amalur mendi elkarteak suziria bota ondoren eman zieten atzo hasiera Lazkaon
San Prudentzio jaiei, eta gaur, eguerditik aurrera, mozorroek hartu dituzte Lazkaoko kale eta plazak. Bazkalaurrean bota duen euri txikiak festazaleak babesean sartzea behartu baditu ere, umore onean jarraitu dute festan lazkaotarrek. Era askotako mozorro eta karrozak ikusi ahal izan dira, horietako asko umez beteak.
Bazkaritarako tartea hartu eta gero, 17:30ean, dantza, karaoke eta musika joaldi ibiltaria izango da haurrentzat, eta 19:00etan mozorroen sari banaketa izango da. Gauean, berriz, Enkore taldearen kontzertua izango da plazan (22:30), eta gauerdian Soupakandya Reggae Band taldearen txanda izango da. Txosnetan, Jo ta Txo DJa ariko da musika jartzen 22:00etatik aurrera.