Aurrekontua adostu dezala eskatu dio oposizioak udal gobernuari
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernuaren aurrekontu proposamenari eta Ordizia Orainek babestu egin du. Udal gobernuak berrikusi egin beharko du testua
Ordiziako udalbatzan oposizioa osatzen duen alderdiek EH Bildu eta Ordizia Orain arduraz jokatzeko eta aurrekontu proposamen «serio» bat egiteko eskatu diote udal gobernuari. Pasa den osteguneko osoko bilkuran aztertu zuten aurrekontuen gaia, baina udal gobernuaren proposamena ez zen bozkatu ere egin. EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zuen, eta Ordizia Orainek babesa eman zion. Orain, udal gobernuak emendakin hori aztertu, aurrekontu proposamena berrikusi eta berriz aurkeztu beharko dio testua udalbatzari.
EH Bilduko zinegotziek osoko zuzenketa aurkeztearen arrazoiak azaldu zituzten atzoko agerraldian. Igor Egurenek argi utzi nahi izan du «alkatearen proposamenik ez zela bozkatu» osoko bilkuran, eta horrenbestez, beraiek ez dutela kontrako botorik eman. «Ordiziako EH Bilduk kritika eraikitzailea eraman zuen osoko bilkurara, aurrekontu alternatiboa aurkeztuz». Egurenen ustez, «udal gobernuak dituen ardurak albora» utzi ditu, hartu beharreko erantzukizunak «denon artean egiteko totem» horrekin estaliz.
«Ordiziako EH Bilduk kritika eraikitzailea eraman zuen osoko bilkurara, aurrekontu alternatiboa aurkeztuz» Igor Eguren (EH Bildu)EH Bilduk proposatu duen aurrekontuan, udal gobernuak jai eta azokena bezalako partidetara bideratutako igoera «eraikinak eraberritzeko eta irisgarritasuna bermatzeko laguntzetara, alokairu sozialera eta ongizate alorrera» bideratzeko eskatu dutela zehaztu du Izaro Intsaustik. Inbertsioen atalean berriz, «udal gobernuak iaz geldiarazi zituen inbertsioak» martxan jartzeko eskatu dute, oinarri bezala, «aurreko legealdian herriko eragile eta auzotarrekin Ordizia Zabalik parte-hartze prozesuan» adostutako proiektuak hartuta. Iaz geldiarazitako inbertsio horiekin, «udalak 652.035 euroko soberakina» duela gogorarazi dute, eta diru horrekin zer egin behar duen galdetu diote alkateari. Udal gobernuak aurrekontua garatzeko erabili duen prozedura ere salatu nahi izan du EH Bilduk. Intsaustiren arabera «zirriborroak besterik ez dizkigute aurkeztu, aurrekontua burutzea oposizioaren lana bailitzan». Horregatik, «mahai gainean proposamen serioak» jartzeko eskatu diote, «horietatik abiatuta eztabaida posible» izan dadin. Egurenen ustez, orain «alkatearen esku dago berriro taldeekin adostasunetara heldu eta Ordiziarentzat onuragarri izango den proposamena» egitea. Beraiek, «orain arte bezala, lanerako prest» daudela gehitu du. Ordizia Orainen iritzia Ordizia Orainek ere bat egin zuen EH Bilduk aurkeztutako osoko emendakinekin, «aurrekontua hobetu» egiten duela iritzita. Taldeak ohar bidez azaldu du alkateak «protagonismoa eta presidente janzkera alde batera» utzi eta «arduraz eta gauzak ondo azalduz» lan egin beharko lukeela. Legealdiaren hasieran, Ordizia Orainek, «dekretu bidez» ez gobernatzeko eskatu zion EAJri. Honek, «transparentzia, parte hartzea eta adostasuna» bezalako hitzak erabili bazituen ere, Ordizia Orainen ustez hori ez da bete, eta «zoritxarrez lan egiteko eta erabakiak hartzeko moduak berdinak» izaten jarraitzen dute. EAJrekin egindako bileretan, Ordizia Orainek egindako hainbat proposamen onartu eta aurrekontuan txertatu zituztela azaldu dute. Hala nola: auditoria energetikoa egitea, hutsik dauden etxeen zentsoa berritu eta horiek alokatzeko laguntzak ematea, eta bake eta elkarbizitza plana sustatzea. EH Bilduk aurkeztutako emendakinak, ordea, «gastu sozialean inbertsioak» egitea jasotzen du, eta horrek «bat egiten du Ordizia Orainen identitatearekin». Zentzu horretan, udal aurrekontuen proposamenak adostua izan behar lukeela uste dute. Apirilaren 26ko osoko bilkura:













