Skate parkea prest dute Idiazabalen
Igarondo pilotalekuaren atzean egokitu dute parkea, gazteek beste herrietara joan beharrik izan ez dezaten. Igandean egingo dute estreinaldi ofiziala, Ibilgailu Klasikoen Topaketaren harira
Skate parke berria asteburuan estreinatuko dute Idiazabalen. Hainbat astetako lanen ondoren, dagoeneko prest dago azpiegitura guztia. Igarondo pilotalekuaren atzealdeko lursailean prestatu dute gunea. Idiazabalgo Udalak azaldu duenez, «herriko gaztetxoenek jolasteko beste leku bat edukitzea» da lan horien helburua.
Lursail horretan orubea prestatzeko lanek 25.000 euroko aurrekontua izan dute; aurrena lurra prestatu eta ondoren hormigoia bota dute bertan, dena altuera berean uzteko. Skatean ibiltzeko arrapala eta gailuak jartzeko berriz, beste 18.000 euroko inbertsioa egin dute.
Parke berriari esker, «skatean ibiltzeko inguruko herri batera joan beharrik gabe, Idiazabalen bertan geratzeko aukera» emango diete kirol horren zaleei.
Igande honetan izango du estreinaldi ofiziala Skate Parkeak. Izan ere, Ibilgailu Klasikoen Topaketa dela eta, skate erakustaldia antolatu dute, herriko gaztetxoei begira.
Ibilgailu klasikoak
Goierri Motorclub elkarteak antolatuta, Ibilgailu Klasikoen III. Topaketa egingo dute igandean Idiazabalen. Goizeko 10:00etan hasi eta iluntzera arte, ibilgailu klasikoak ibiliko dira herrigunean; autoez gain, motor zaharrak eta bestelako ibilgailuak ere ekarriko dituzte.
Egun horrekin lotuta, beste hainbat ekitaldi ere izango dira Idiazabalen: autoen erakusketa, salmenta postuak eta bazkaria, besteak beste. Goierrin barrena ibilbidea ere egingo dute ibilgailu klasikoekin.
Ibilgailu klasikoen eguneko bazkarian parte hartzeko, aurrez deitu behar da 661 515 000 telefono zenbakira.













