Euskal Herrian birkolokatzea eskatu dute langileek
Zuzendaritzak aukera aztertuko duela erantzun die. Indemnizazioak negoziatzea ere eskatu dute. Hurrengo bilera asteazkenean egingo dute
Arcelor Mittaleko langile batzordea zuzendaritzarekin elkartu zen atzo Zumarragako lantegian. Langileek Euskal Herriko gainontzeko lantegietan aurrejubilazioak sustatzea eskatu zieten. Hala, Zumarragako langi-leek Euskal Herriko gainontzeko lantegietara joateko aukera edukiko lukete. Zuzendaritzakoek aukera hori aztertuko dutela erantzun zuten.
Enpresak birkolokazioei buruz bakarrik hitz egingo duela esan zien aurreko bileran eta atzoko bileran negoziazioa hasi zuten. «Guk ez diogu inoiz negoziatzeari uko egin, baina aldi berean lantegia zabalik mantentzeko aukerak aztertzea nahi dugu», azaldu zuen Leo Bote langile batzordeko buruak.
Hori dela eta, enpresak Roland Berger aholkularitzari pasa zion informazioa langile batzordeari ere pasatzeko eskatu zioten atzo zuzendaritzari. Izan ere, aholkularitza informazio horretan oinarritu zen Zumarragako lantegia ez dela bideragarria esateko. «Informazio hori beste aholkularitza batek aztertzea nahi dugu, baina horrek ez du esan nahi negoziatzeko prest ez gaudenik. Dena den, enpresak informazioa ez digula pasako esan digu».
Bideragarritasunaren azterketa Eusko Jaurlaritzak hautatutako aholkularitza baten esku uztea ere proposatu dute. «Horri ere ezezkoa eman diote. Bilera luze joan da, geldialdi asko egon baitira eta luzeak izan baitira».
Langile batzordearen hirugarren proposamenak, berriz, ez zuen zuzendaritzaren ezezkoa jaso. «Zumarragako eta Euskal Herriko gainontzeko lantegietan aurrejubilazioak bultzatzea proposatu dugu. Hala, lanpostu gehiago geldituko lirateke libre eta Zumarragako langile gutxiago joango lirateke Asturiasera. Aztertuko dutela esan digute».
Langile batzordeak hurrengo bileran jasoko du zuzendaritzaren erantzuna. Bilera hori datorren asteazkenean izango da, 15:30ean, Zumarragako lantegian.
Bileran lana uzteagatik jaso beharreko kalte-ordainez ere hitz egin zuten. Langile batzordeak enpresak kalte-ordain hobea eskaintzea nahi du. Zuzendaritzak aztertuko zuela esan zuen. Aurreko bileran lan egindako urte bakoitzagatik 28 lan eguneko ordainsaria eskaini zieten, 15 hilabeteko topearekin.
Mobilizazioak
Negoziazioek irauten duten bitartean, langileek mobilizazioekin jarraituko dute. Hilaren 19an Zumarragako lantegian egingo duten kontzentraziora Estatuko langile batzorde guztiak gonbidatu dituzte.
Bestalde, astelehenean erakundeetako ordezkariak Arcelor Mittalen Europako zuzendaritzarekin elkartu ziren Madrilen. Botek Jaurlaritzak egin duena baino gehiago egin behar zuela uste du. «Lantegia zabalik mantentzea eskatuko zutela esan zuten, baina lehen bileraren ostean amore eman dute. Nire ustez, gehiagotan bildu beharko lirateke. Gainera, langile batzorde-kook ez genuen bileran egoteko aukerarik izan eta Aldundiak langileon unea dela esan du. Langileok denbora asko daramagu jada borrokan. Hasieratik, hain zuzen ere».












