Oinak independentziarantz jarrita
Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz herdoilik gabe jardun da Arnaldo Otegi politikaria, Lazkaon. Irakatsiak barneratu, jarrera «alaia eta zoriontsua» hartu, eta euskal errepublika jarri du xede.Egoera politikoari, etorkizunari eta gaur egungo oldozpene...
Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz herdoilik gabe jardun da Arnaldo Otegi politikaria, Lazkaon. Irakatsiak barneratu, jarrera «alaia eta zoriontsua» hartu, eta euskal errepublika jarri du xede.
Egoera politikoari, etorkizunari eta gaur egungo oldozpenen inguruan albiste txar askorik ez emateko eginahalarekin aurkeztu zen, herenegun, Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusia Lazkaon. Gerriko elkarteak antolatutako Euskal Herria bizi da hitzaldian, 300 bat entzule joan zen Areriara, buruzagi elgoibartarraren esanak aditzera.Iraganari buruzko gogoeta batzuk egin ondoren, bake prozesuari buruzko galdera-sortak hartu zuen bi ordu pasako solasaldiaren tarte handiena. Euskal estatuaren konfigurazioaz, izaeraz eta aukerez aritu zen azken zatian, Inaxio Usarraldek gidatutako elkarrizketan, eta entzuleen galderei ekin baino lehen.
Iraganetik ateratako hiru irakasgai eskatuta, honako laurak aipatu zituen Otegik: «Sufrikario gutxieneko bidea hartu» behar dela beti; «pentsatzen dena esan» behar dela; eztabaidarako posizio politiko guztiak errespetagarriak direla; eta «adeitasuna eta irribarrea» ez direla galdu behar: «Jendea ondo tratatu behar da, limurtu egin behar da eta».
Gaur egungo egoera ez dela bake prozesu batekoa ere gaineratu zuen. «Ez daude bi alde; guk bakarrik nahi dugu bakea». Espainiaren joera ez dela ulertzen ere deitoratu zuen.
Hamaika gai hizpidera
Iraganaren kontakizun bakarra inposatu nahia salatu zuen, eta gaia «instrumentalizatzea» ez dela irtenbidea esan zuen. «Biktimez gutxiago hitz egin, eta biktimekin gehiago», bota zuen. Irabazle-galtzaile dikotonomia ezarri nahiak, eztabaida politikoa sekula baino amorratuagoa bihurtu duela gaitzetsi du.
Presoen gaian, «askatze prozesu politiko bat» martxan jarri beharra ikusi du: «Askatutako preso bat, bahitu bat gutxiago izango da Espainiaren esku». Mobilizazioa, nazioarteratzea, presioa eta arlo gizatiarraren defentsa jo zituen arlo horretan aurreratzeko gakotzat. «Nire kanpaina preso guztien aldeko kanpaina bilakatuko da. Dena egin behar da preso bakoitza ateratzeko», esan zuen, aurreko bi hitzaldietan —Donostiako belodromoan eta Kursaalen— esan gabekoa eta berria zela ziurtatuz.
Bakegintzan, ezker abertzaleak «denbora gehiago behar izan» duela eta «aukera batzuk pasatzen utzi» dituela onartu zuen. «Baina batasunean egin dugu aldaketa, hori zen obsesioa. Zatiketarekin emaitzak kaxkarra-goak dira», ohartarazi zuen.
«Euskal errepublika askea»
Bigarren zatian, independentziaren beharra argi eta garbi azaldu zuen Otegik. «Kontzientzia nazionalak atzeraka» egin duela ikusi du, azken urteotan. «Ahuldu, espainolizatu egin gara. Frustrazio nazional bat bizi dugu», zioen euskal gizarteaz.
Euskal Herriak estatuaren beharra daukala nabarmendu zuen. «Autokonfiantza eta autoestimu gehiago eduki behar du herri honek». Hurrengo urteetan, «euskal errepublika eraikitzeko gai izan behar du herri honek, termino aurreratuetan. Baliabide nahikoa badu aurrera egiteko. Urrats kualitatiboak behar dira. Konfiantza badaukat».













