Idiazabalgo plan orokor berriak 322 etxebizitza eraikitzeko aukera jasotzen du
Zortzi urteko epean etxebizitza berriak eraikitzeko 6,66 Ha. lurzoru izendatu dira. 138 etxebizitza babestu eta 184 etxebizitza libre egingo dira. Larrostegi aroztegia herrigunetik aterako da
Hirigintza antolamendurako bigarren plan orokorra onartu ostean, aurkezpena egin zuten bart Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. Ioritz Imaz alkatea eta Eneko Plazaola eta Iñigo Imaz udaletxeko arkitektoa izan ziren, herriaren garapena nondik nora joango den azaltzen.
Erakusketa publikoko ateak ireki ziren baita ere, hilabeteko epean alegazioak aurkeztu ahal izateko. Erakusketa, udaletxeko Areto Nagusian kokatzen da eta edonor hurbil daiteke ikustera. Udalak, gainera, herriko bizilagun guztiei triptiko bat banatu die. Bertan, hirigintza antolamendurako bigarren plan orokorraren berri eta orain arte eman diren pausoak eta espazio publikoaren informazioa azaltzen dira.
322 etxebizitza berri
Zortzi urteko epean, 322 etxebizitza berri ordenatzen ditu plan orokorrak. Hirigintza antolamenduaren funtzio publikoa bermatzeko, legeak hala eskatzen ez badu ere, eraikitzen diren etxebizitzen %10 babes izaerakoak behar dutela erabaki zuen udalak, eta hala idatzi dute planaren hasierako onarpenerako dokumentuan.
Gainera, Larrostegiko aroztegia herrigunetik ateratzea interes orokorreko iritzita, Guardi industrialdearen jarduera ekonomikoetarako eremu berri bat proposatzen du hirigintza antolamenduak. Hala, herrigunearentzat ingurumen inpaktua sortzen duen jarduera denez, lekuz aldatzea posible egin nahi du planak.












