Udal Gobernuaren «gardentasun falta» salatu du Ordiziako EH Bilduk
Udal antolamendu berri, garden, parte-hartzaile eta irekiagoa eskatzen du EH Bilduk. Informazioa komunikabideen bitartez jasotzea oposizio lana oztopatzen duela adierazi zuten
Ordiziako EH Bilduk aurrekontuak eta Udal Gobernuaren urte beteko balorazioa egin zuen atzo Barrena kultur etxean egindako agerraldian. Udal Goberrnua eratu zenetik urtebete igaro da, aurrekontuak onartu berri daude maiatzeko Osoko Bilkuran eta balorazioa egiteko «momentu aproposa» dela adierazi zuten.
Aurrekontuen gaiarekin hasi zuten agerraldia, «bertan islatzen baita Udal Gobernuaren benetako jarduna. Izan ere, aurrekontuak 2016 ekitaldikoak badira ere, 2015eko soberakina ere agerian utzi dutelako» adierazi zuen Adur Ezenarrok.
Aurrenkontuen onarpena
Aurrekontuen onarpen prozesuaren inguruan «aipamen pare bat egin nahiko genituzke, aipamenak baino gezurtapenak ziurrenik» nabarmendu zuen. Udal Gobernuak EH Bilduri egotzi zion aurrekontua lehenago onartu ez izana. «Bestetik, apirilean osoko emendakin baten bitartez aurrekontuen proposamena alkateari itzuli eta gero, maiatzean aho batez onartu dugun aurrekontuan aldaketarik apenas egon dela saldu nahi izan dute» erantsi zuen. Atzerapenari dagokionez, «iazko urritik aritu gara eskaera ofizialak burutzen aurrekontuak 2015ean onar zitezen» esan zuen Ezenarrok.
Ordizia Zabalik parte hartze prozesuaren bidez ordiziarrek inbertsioak garatu ahal izan dituztela ukatu egin zuten: «Aurrekontuen zirriborroa urtarrilean aurkeztu zigutela esan zuen Udal Gobernuak. Parte hartze prozesua otsailaren 28an amaitu baldin bazen, nola liteke?». Emaitzak martxoaren 15ean jaso zituztela esan zuten EH Bilduko ordezkariek. «Sekula ez dute mahai gainean aurrekontuen proiektu orokor eta landu bat jarri, eta inbertsioak ez ditugu azken unera arte ezagutu» adierazi zuten.
Diskurtso bikoitza
Ordiziako EH Bilduko ordezkariek «Udal Gobernuak azken urtean erabili duen diskurtso biloitza» salatu dute. «Etengabe entzuten dugu elkarlana sustatuko dutela, gardentasuna bermatuko dutela», baina errealitateak kontrakoa adierazten duela gehitu zuen Ezenarrok.
Batzordeen inguruan, ez dutela edukirik, eta gai arrunten batzordean ez direla gai guztiak azaleratzen adierazi zuten. Ondorioa garbia dela esan zuten: «komunikabideen bitartez ezagutzen ditugu erabakiak» eta hori ez dela posible salatu zuten. Partaidetza eta elkarlana lemapean «komunikabideen aurrean gai ezberdinak jorratzeko mahaiak osatuko zituztela zioten arren, ez da horrela izaten ari» gehitu zuten.
Trafikoari dagokionez, «nahiz eta trafikoaren gaia aztertuko duen mahaia eratuko zela esan, berriro eskatu behar izan dugu» esan zuen Ezenarrok.
Adierazitako guztiagatik «udal antolamendu berri, garden, parte hartzaile eta irekiago baten alde» lanean dihardutela eta informazioa komunikabideetatik jasotzeak «gure oposizio lana oztopatzen» duela nabarmendu zuen Adur Ezenarrok.













