Ataungo Aiako festek aukera emango dute auzoa bisitatzeko
Santa Isabel jaiak gaur hasiko dira, haur jolas, sagardo eta sardina jate, afari eta Bi Balaren kontzertuarekin. Pettik ere joko du, bihar. Igandera arte, hiru jai egunLaurehun metroko garaieran, Ataungo hiru auzo nagusietatik txikiena da Aia. Urkillag...
Santa Isabel jaiak gaur hasiko dira, haur jolas, sagardo eta sardina jate, afari eta Bi Balaren kontzertuarekin. Pettik ere joko du, bihar. Igandera arte, hiru jai egun
Laurehun metroko garaieran, Ataungo hiru auzo nagusietatik txikiena da Aia. Urkillaga eta Armontaitz gainen magalean, 130 bat biztanle bizi dira; gehienak han-hemen zabaldutako baserrietan. Urtean zehar joan ez denak, aukera paregabea du hiru egunotan, Santa Isabel jaiak ospatuko dituzten aitzakian, Aiaraino iristeko.Santa Isabel elizak, Erroipe aterpeak eta kaskoko beste lau etxeek —Begoenea, Haitzarri elkartea garai bateko eskolan, Ezkurdiategi eta Bikarioetxea— inguratzen duten plazan, hiru egunez ekitaldi saldoa izango da, Aiako Jai Batzordeak antolatuta, gaurtik igandera.
Kontzertuak bi gauetan jarri dituzte, ez nolanahikoak. Gaur, Aitzol Barandiaran eta Xabier Etxeberria Pitxu ataundarrek jotzen duten Bi Bala taldea ariko da. Bihar, saio bikoitza dago: Petti beratarra, Etxeko Uzta taldearekin lehenengo, eta Bide Batez taldearekin dantzaldia, gero. Garai bateko sona handiko taldeen kontzertu-leku izaerari eusten dio Aiak, neurri batean.
Herri otorduek ere leku nabarmena dute. Sagardoa eta sardinak zerbitzatuko dituzte, gaur arratsean. Jarraian herri afaria dute.
Bihar, berriz, bazkaria eguerdian. Santi eta Katxo ataundarrek girotuko dute bazkal aurrea eta ondorena; Xabier Zeberio eta Gregorio Larrañaga Mañukorta ariko dira bertsotan. Gazte afaria dago gauean. Hamaiketakoa ere aterako dute bihar, zaindariaren eguneko mezaren ondoren.
Pilotari txapeldunak, etzi
Jaiak bukatzeko, Aiako frontoitxoan —Erroipe aterpearen azpian dago— pilota partidak izango dira. Aiako pilotariek jokatuko dute, tartean. Kimuen mailan, Zubizarretak eta Arrillagak jokatuko dute. Helduen mailan, Mintegik eta Zubizarretak. Buruz buru ariko dira.
Hain zuzen, Zubizarreta anaia ataundarrek txapelketa bana irabazi zuten, aurreko asteburuan. Iraitz zaharrenak Tolosako San Joan txapelketa irabazi du, 4 t’erdian. Beñat gaztea, berriz, Irribarria aramarrarekin batera, Lizarrako txapelketan garaile atera da.
Aiako I. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala izango da, igande arratsean, hirugarren partida.












