Zaldibiako Ardiki Eguna igandean ospatuko dute, Aralar mendiaren bueltan
Mondeju zuriaren lehiaketa ospetsua egingo dute, eguartean. Edonork parte har dezake, deialdi irekia da eta. Aralarko gaztaren lehiaketa ere bada. Azoka eta jai giroa, goizean goizetik
Zaldibian igandean ospatuko dute Ardiki Eguna. Ardiaren, artzaintzaren eta arditik eratorritako jakiaren festa izango da, urriko azken jaian egin ohi dena. Tartean izango da Zaldibiako mondeju zuri estimatuaren lehiaketa ere, gai horretan garrantzitsuena.
Mondeju zuri lehiaketak 22. aldia du. Irekia da, edonork har dezake parte. Izena biharko eman behar da (649 316 534). Partaide bakoitzak bost kana mondeju aurkeztu behar ditu, salda eta guzti, igandean 10:00etarako.
Epaimahaia sukaldariek eta adituek osatuko dute. Itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien txikitzea hartuko dute kontuan. Garaileak 300 euro eta txapela, bigarrenak 200 euro, eta 3.ak 100 euro jasoko du.
Azoka eta bazkaria
Aldi berean, Aralarko Gaztaren 19. Lehiaketa ere egingo da. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ariko dira, eta haiek jakinaraziko dute sariduna.
Lehiaketez gain, abere erakusketa, artisauak (saskiak, gazta, mondejuak, galtzerdiak… egiten) eta produktu salmenta ere izango dira.
Musika herriko txistulariek, Xapre eta Furrielak, Ostolaza, Narbaiza eta Juan Mari Beltranek eta Hernaniko musika eskolakoek jarriko dute.
Bazkaria Herri Antzokian (txartelak goizean salgai) eta tabernetan da. Dena ardikia izango da jateko, ezin bestela eta.
Ardiki Eguna, igandean · 10:30. Diana, musikariekin. · 10:30. Artisautza erakusketa, ganadu erakusketa eta azoka. · 12:00. Mondeju, gazta lehiaketak. Lizaso eta Egaña bertsotan. · 12:00. Astazerra erakustaldia. · 13:30. Sari banaketa. · 14:30. Bazkaria. · 18:00. Erromeria Birako dantza. · 19:30. Kalejira.













