La Salle eskubaloi klubeko kideak itzuli dira Granolleresetik
Legazpiarrak 2008tik urtero joaten dira Herrialde Katalanetako hiri horretan jokatzen den Granollers Cup txapelketan parte hartzera. Hurrengo urtean berriz joateko irrikan daude.
Legazpiko La Salle eskubaloi klubak Herrialde Katalanetan eman dio amaiera aurten ere denboraldiari. Asteburuan Granollers Cup eskubaloi torneoan parte hartzen izan dira jokalari eta entrenatzaile legazpiarrak, guraso eta senide ugariz lagunduta. Eskubaloiaren bitartez 2008an abiatutako senidetzea berretsi dute horrela bi herriek.
Legazpiko kirol espedizioa, jokalariak, entrenatzaileak eta arduradunak batuta, 130 inguru lagunekoa izan da. Eta asteburuan guraso eta senide ugari ere gerturatu dira Granollersera.
Espedizio horretako partaide izan den Ibon Altzelaik azaldu duenez, “beti bezala, bero asko igaro dugu, eta eskubaloi mundu paralelo batean bizitzeko aukera izan dugu. Klubeko bizikidetza garatu eta indartzeko aukera ere izan dugu”.
Kirol balantzeari dagokionez, “lesio larririk” ez dutela izan esan du, eta azken faserako hiru talde sailkatu zirela gehitu du, “alebin mutilak, kadete neskak eta junior mutilak”.
Itzuli berriak dira Granollersetik, eta “nekea gainditu ondoren, berriz itzultzeko irrikan” daudela azpimarratu du.













