Inbertsioak egiteko 11 proposamenen artean bozkatu daiteke, ostiralera arte
Aurrekontu parte hartzaileen prozesua azken txanpan sartu da Legazpin. Legazpiarrek bi proiektu aukeratu beharko dituzte. Bozketa Internetez nahiz udaletxean bertan egin daiteke
Datorren urteko aurrekontuak parte hartzaileak izan daitezen, Legazpiko udal gobernuak parte hartze prozesu bat zabalik du eta egunotan legazpiarrek hamaika proiekturen artean bi aukeratu beharko dituzte; bati bi puntu eta besteari puntu bat eman beharko diote. Sei proiektu bozkatuenak 2017ko aurrekontuetan sartuko dituzte.
Legazpiarrek prozesuaren hasieran aurkeztutako 97 proiektuak aztertu ondoren, 85 aukeratu dituzte udal teknikariek. Horietatik 33 kanpoan utzi dituzte arazo teknikoak edo ekonomikoak direla medio; izan ere, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko inbertsioa egingo du udalak eta alboratutako horien artean inbertsio handiagoa edo txikiagoa eskatzen dutenak daude. Beste talde batean dagoeneko egin bidean dauden proiektuak sartu dituzte eta bestean aztertzeko asmoa duten proiektuak.
Koldobike Olabide alkateak atzo adierazi zuenez, «legazpiarrak bozkatzen ari dira jada». Bide batez, botoa emateko gonbidapena luzatu zien. Botoa Internet bidez edo udaletxeko harreran dagoen kutxan sartu daiteke zuzenean. Prozesuan parte hartzen dutenen artean 50 euroko erosketa txartel bat zozkatuko dute.
PROPOSAMENAK: · Orokorra. Argiteria hobetu Telleriarten, Zaldun eta Urtatzan. · Juanastegi. Adinekoek ariketa fisikoa egiteko gailuak eta komun publikoa jarri. · Orokorra. Junetorri autobus zerbitzuaren geralekuetan aterpeak jarri. · San Juan. Haurreskolako ingurunea hobetu: parkea, frontoia eta itxitura jarri. · San Inazio. Muru Berrin espaloiak zabaldu. · Brinkola. Plazako haur parkea konpondu zorua oso egoera txarrean baitago eta Armuño elkarteko aurrealdea hobetu eta zebrabidea margotu. · Orokorra. Juanastegi kalean bidegorriaren ibilbidea aldatu. · Urtatza. Urtatza 53tik 56ra dauden atarietako sarbidea konpondu, arrapalak egin eta iturri aldera ematen duen aldamena txukundu. · Arantzazu. Santikutz 17-19 atzealdeko aparkalekua konpondu. · Erdigunea. Bikuñaenean (Aizkorri kalearen atzealdean) galtzadako harriak konpondu. · Mantxola. Azpikoetxeko aparkalekutik Ormakio kalerako sarbidean espaloia eraiki. Argiteria berritu, errekaren ibilgua sasiz garbitu, paper-fabrikaren ur biltegiaren eremua garbitu eta Txintxoetxe parean jarlekuak ipini.













