Beasaingo EH Bildu udal egitura berriaren aurka dagoela berretsi du
Beasaingo EH Bilduk prentsaurrekoan azaldu zuenez, «Aitor Aldasoro alkateak alkate kargua hartu zuenean udal kudeaketa elkarrizketan, lankidetzan, adostasunean, entzutean... oinarrituko zela esan zuen. Errealiatatea, ordea, oso ezberdina da». Udaleko...
EH Bilduk ere ikusten zuen aldaketaren beharra: «Lehenengo momentutik adierazi genion EAJri, gai honen inguruan adostasun bat lortzeko prest geundela, gu gobernuan geundenean konturatu baikinen udaleko sail bakoitzak modu estankoan funtzionatzen zuela, teknikariek ez zutela behar den bezalako talde lanean lan egiten, koordinazio falta zegeola teknikarien artean». EAJrekin «gaia lantzen» saiatu direla azpimarratu dute, «baina bi arazo larrirekin aurkitu gara». Batetik, «udal gobernuarekiko dugun mesfidantza handitzen doala. Batzordeetan ez zaigu behar adinako informaziorik ematen, eta askotan komunikabideen bidez jakiten dugu udaleko gaien berri, eta hori onartezina da. Gure lana oposizioa egitea da, oposizio eraikitzailea egitea, baina hori ezinezkoa egiten ari zaigu».
Bestetik, batzorde informatzaileen gaia «mamituta aurkeztu zitzaigun uztailean. Gai horren berri jada berrantolaketa eginda zegoenean eduki genuen. EH Bilduk «tarteko bide bat» proposatu zuen, «13 batzorderen ordez 6-7 batzordera pasatuz». Baina, «gure planteamenduari kasurik ez diote egin, eta beraien ideiarekin jarraitu dute temati». Irailean etxeetan banatu zuten gida jarri dute horren adibidetzat: «Irailean etxe guztietara buzoneatu zen gidan, astearteko plenoan aurkeztu zitzaiguna azaltzen zen, alegia, oraindik onartu gabe zegoen batzorde eraketaren berri eman zen irailean, eta eraketaz gain batzorde horien lehendakariak nortzuk izango ziren zehazten zen. Alkatea oposizioarekin adostu nahaian zebilenean, beste aldetik publikoki gidan berrantolaketa eginda zegoela zioen».
Era berean, Udal antolaketa berriak «zalantza asko» sortzen dizkiela gaineratu zuten: «Herritarren parte hartzeari ateak ixten zaizio eredu horrekin, hau enpresa baten efizientziari begira egindako gestio eredua». Era horretan, «EAJk planteatzen duena, herritarrekin eta herritarrentzat lan egiteko eredutik oso urrun» dagoela diote: «3 batzordeak goizez egitea planteatzen dute, batzordeetako gai zerrendak itxiak izango dira, eta ordu beteko iraupen mugatua izango dute, 10:00etatik 13:00etara hilabetean behin oposizioarekin bildu eta listo».
Jarrera aldaketa
EAJri jarrera aldatzeko eskatu dio EH Bilduk: «EAJk inorekin kontatu gabe erabakiak hartzen jarraitzen duen bitartean, alperrik da».













