'Habitat utopia' jardunaldietan herria eraikitzeko bi sistema uztartuko dira
Zaldibian gaur hasiko da astebeteko topaketa. Ehun-bat arkitekto ikasle austriar eta euskal herritar elkartuko dira. Arkitektura eta herrigintza osagarri landuko dituzte
Arkitektura ikasleen topaleku bihurtuko da Zaldibia gaurtik hilaren 20ra. EHUren Donostiako Arkitektura Eskolako eta Innsbruckeko Unibertsitatearen (Austria) Arkitektura Fakultateko ehun-bat ikasle elkartuko dira Zaldibia: habitat utopia jardunaldietan. Xotil Natke arkitekto-ikasle zaldibiarrak ideiatutako ekimena da, eta Zaldibiako Udalaren eta Udalbiltzaren sustengua du.
Bi unibertsitateetan urtebeteko lanketa borobilduko du Zaldibiako topaketak. Arkitektura eta herrigintza gerturatu nahi dituzte ikasleek, «herrigintzaren benetako izaera bizitzeko». Bestetik, zaldibiarren artean herrigintza sustatu nahi dute, arki- tekturaren arloan ere.
Arkitekto gaiek Zaldibia izango dute langai eta lantoki, astebetean, «iraganaz, orainaz eta etorkizunaz eztabaidatu, hausnartu eta landu ahal izateko». Bilorek Zaldibia nola aldatu duen aztertuko dute, Zer Zaldibia nahi dugu? galderari erantzungo diote, eta herri txiki batek zer erronka eta aukera dituen aurkezten saiatu.
Kultur etxe zaharra lantoki
Innsbrucketik gaur 30 ikasle iritsiko dira, eta bihar besteak; denera, 44 austriar datoz. Zaldibiako etxeetan hartuko dute ostatu. Donostiako Arkitektura Eskolatik beste 45 bat ikasle etorriko dira. Guztira, 100 bat. Herri jantokia elkartean izango dute, gosaltzeko eta afaltzeko. Herriko elkarteek lagunduko dute otorduak zerbitzatzen.
Zaldibiako kultur etxe zaharrean Lantegi gunea atonduko dute, erdiko solairuan. Erakusketa ostiralean 18:00etan irekiko dute, irakasleen azalpenekin. Areto handian, ikasleek zazpi egunean, 24 orduan, lana egiteko estudioa izango dute.
«Zaldibiaren lanketa Austriako eta Donostiako ikasleek egin dute» Xotil Natke (Ikaslea eta antolatzailea)«Ikasleek 24 orduz irekita izango dute gune hori, eta eurek antolatuko dute lana: goizean herrian ibili, gauean lan egin… Nahi duten eran», dio Xotil Natke arkitektura ikasle zaldibiarrak eta topaketaren sortzaile eta antolatzaileak. Donostiako eskolakoek erakusketa muntatuko dute, eta ostiralean 18:00etan irekiko dute, irakasleen azalpenarekin. Bi unibertsitateetako kideen arteko informazio trukaketa ere izango da egunotan. «Donostiakoek Zaldibia bisitatu dute lehenagotik, jaietan egon dira, jen-dearekin hitz egin dute. Austriarrek lanketa teorikoagoa egin dute, urrutitik». Asteburua «intentsiboa» izango da. Ikasleak kalean lanean ariko dira, eta astelehenean azalduko du bakoitzak, 10-15 minutuan, ondorio sorta. Instalazioak jarriko dituzte kalean. Ekitaldiak (abenduak 14-20)
- Gaur eta bihar. Ikasle austriarren iritsiera. Donostiako ikas-leen erakusketa muntaketa.
- Ostirala 16. Erakusketaren irekiera (18:00). Herrigintza Festa: triki-poteoa (19:00), kontzertua Huntza eta Koban taldeekin (22:30; sarrera 5 euro).
- Asteburuan. Arkitektura ikasleen lanketa, kalean. ‘Lantegi’ gunea egunero 24 orduetan irekita, kultur etxe zaharrean.
- Igandea 18. Hiritik At arkitekto kolektiboaren hitzaldia (18:00), herritarrentzat zuzenduta: generoa, elikadura eta etxebizitza.
- Astelehena 19. Austriako ikasleen aurkezpenak (17:00).
- Asteartea 20. Irteera Bilbora. Gauean, agur afaria.












