Kanpai bueltekin hasiko dira festak. Igande eguerdian V. Garingo mendi lasterketa jokatuko da, Goierri Kopa Trailerako eta Beasain Challengerako proba puntuagarria da
Garindarrek San Sebastianen omenezko jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Eguraldiaren aurreikuspenari dagokionean, aurtengo festak hotzak izatea espero badira, garindarrek sortuko dute berotasuna Garin auzoan.
Larunbatean, 13:00etan hasiko dituzte festak, ohiko kanpai bueltekin eta suziriekin. 14:00etan, herri bazkaria egingo dute Muñogain elkartean. Bazkalondorenerako mus eta punttu txapelketak antolatu dituzte helduenentzat; txikienentzat, berriz, 18:00etan hasita, haur jolasak prestatu dituzte. Jolasak amaitutakoan, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Indarrak hartzeko, berriz, jan-edana banatuko dute bertaratzen direnen artean: gaztaina erreak sagardoarekin eta txokolate beroa txurroekin. Arratsalde eta iluntze partea, Josu eta Amets trikitilariek alaituko dute.
Igandea izango da Garinera jende gehiena inguratuko den eguna, batez ere, mendi lasterketari esker. 12:00etan hasiko da Garingo V. Mendi lasterketa herrikoia.
Aurretik, ordea, 10:00etan, Beasaingo Udal txistulariekin goiz eresia eta 10:30ean meza nagusia egingo dute Beasaingo San Martingo abesbatzaren kantuekin lagunduta. Goizean Udal txistularien doinuak izango dira eta eguerdi partean Josu eta Amets trikitilariek jarriko dute festa giroa Garinen.
Garingo V. mendi lasterketan 300 korrikalarik hartuko dute parte
Azken urteetan mendi lasterketa bihurtu da Garingo festetako ekitaldi nagusienetakoa. Aurten ere arrakasta izan du korrikalarien artean; 300 korrikalarik emana dute dagoeneko izena, gehienezko kopurua.
12:00etan hasiko da lasterketa Garingo plazatik eta 11 kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek auzoko maldetan gora eta behera. Korrikalariek dortsaletan, bularreko minbiziaren aurkako xingola eramango dute. 13:00etan egingo da sari banaketa ekitaldia.
Goierri Kopa Trail
Aurten bada berrikuntza bat: Goierri Trail Koparako lehenengo proba puntuagarria izango da Garingoa. Arriarango mendi lasterketa (martxoaren 18an), Gabiriako Leharrei (apirilaren 1ean), Segura eta Zeraingo Sanson (maiatzaren 6an), Urretxu-Zumarragako UZ trail (maiatzaren 14an) eta Idiazabalgo Axari (irailaren 10ean) probek osatzen dute Kopa. Garinen, lasterketa motzeko liderrak erabakiko dira.
Beasain Challenge-a
Beasaingo lasterketek osatzen duten Challengeko proba puntuagarria ere bada Garingoa. Bihar, 19:00etan, udaletxean egingo dute 2016ri dagokion sari banaketa. Herriko sei lasterketetan parte hartu dutenak J. C. Rodriguez, V. M. Asensio, Amaia Barandiaran, Josu Imaz, J. M. Martin eta Elena Calvillo izan dira.