Aralar eta Aranzadi
Aranzadi Zientzia Elkartea, espezialistaz, irakaslez, doktorez eta ikertzailez osatua dagoen askotariko taldea, zabala, jantzia eta prestigiotsua da. Arkeologoak, etnografoak, antropologoak, mikologoak, geologoak, botanikoak, ornitologoak, espeleologoa...
Ziur naiz, Aranzadik Gipuzkoako Batzar Nagusietan, politikoen aurrean, Aralarko pisten inguruan egin berri duen agerraldian esandakoak ez direla gezurrak, ez okerrak, baizik eta errealitatean, datu objektiboetan oinarritutako, ongi argumentatutako eta, batez ere, oinarri zientifikoa dutenak direla.
“Alarmismoa— ez du piztu Aranzadik, ez beraiek esanek, baizik eta Aralarren egindako txikizioak ! Mina, benetako mina, ematen du Aralarren bihotzean egin dituzten zauriak ikusteak, eta horiek piztu dute alarma.
Oinordetzan jaso dugun inguru bizia, arnasbidea eta paisaia txikitu, eta zer utzi behar diegu ondorengoei? Geure ongizatea helburu, bazterrak txikitzeko arrazoiak beti aurkituko ditugu, nor bere zilborrari begira bizi bagara, baina, zilborretik harantzago, ondorengoetan pentsatzen jartzen bagara, arazoak konpontzeko beste aukera batzuei heltzen badiegu, natura errespetatzen badugu, eskertuko digu Ama Lurrak, eskertuko digute ondorengoek.
Presarik gabe, bilatu, aurkitu eta adostu ditzagun irtenbideak Aralarrerako, sarraski eta txikiziorik gabe. Aralar bizirik eta, daudenez gain, pista gehiago gabe nahi dut. Hori dut amets, hori helburu.













