Deialdia 20-35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduta dago. Goierri garaiko langabezia tasa espero baino gutxiago igo da, Arcelor Mittalen itxiera izan arren

Uggasa garapen agentziak Hazilan programaren bigarren edizioa jarriko du martxan otsai-lean zehar bere enplegu eta orientazio zerbitzuaren bitartez. Hazilan programaren helburua 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuak laneratzen laguntzea da, eta horretarako formazioa eskaintzen die, inguruko enpresatan antzemandako premietan oinarrituta. Hala, iaz, Hazilanen lehen edizioan, enpresen komunikazio eta marketing alorreko gabeziak izan zituzten abiapuntu; bigarrenean, ingeniaritza alorra izango dute oinarri.
Hazilanen bigarren edizioan parte hartzeko deialdia egin du dagoeneko Uggasak, unibertsitate gradu bat edo goi mailako heziketa ziklo bat ikasita izan eta langabezian daudenei zuzenduta. Baldintza horiek bete eta interesa dutenek 943 25 00 98 telefonora dei dezakete informazioa eskatzeko.
Hazilan programa, eta antzekoa den Txertatu 16-30 urteko kualifikazioarik gabeko gazte langabetuei zuzendua Uggasaren enplegu eta orientazio zerbitzuak Goierri garaian enplegua suspertzeko helburuarekin lantzen dituen bi ekimen dira. Helburu berarekin beste proiektu batzuk ere badituzte martxan : lan poltsa propioa eta formakuntza programa, besteak beste.
Uggasaren lan poltsa duela bi urte ireki zen, eta harrera ona izan du Virginia Ripa arduradunak adierazi duenez: «1.200 pertsona daude izena emanda». Lan poltsan lan bila ari direnak eta lana eskaintzen dutenak apuntatu daitezke, «oso modu erra-zean, etxetik, Internet bidez egin daitekeelako» dio Ripak. Lan eskari eta eskaintza guztiak Uggasaren web orrian argitaratzen dira, baita bere Facebook perfi-lean ere. «Lan bila dabilen edonor apuntatu daiteke» azaldu du Ripak, «lanean egon ala ez».
Era guztietako eskariak eta eskaintzak jaso dituzte Uggasaren lan poltsan. Azken asteotan eskaini diren lanpostuetako batzuk arkitektoarena, mekanikako ingeniariarena, eltzezainarena, etxeko enplegatuarena edo operadore tornulari eta fresatzailearena izan dira.
Langabezia tasa eta Arcelor
Uggasak, bestalde, Goierri garaiko langabeziari buruzko datuak ere kudeatzen ditu, Lanbidek eskainitakoak. 2016k abendukoak dira azkenak, eta horien arabera, %10,7koa da Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako batez besteko langabezia tasa, Gipuzkoako tasatik behera (%11,0koa da). Iazkoa, garai berean, %10,6koa zen.
Hazi egin da, beraz, langabezia urte betean, baina Arcelor Mittalen itxiera tartean egon dela kontuan hartu behar da; horren eragina, ordea, espero baino arinagoa izan da. Itziar Salaberria Uggasako gerenteak dioenez, «lantegia itxi zenean industriaren sektoreak susperraldi bat izan zuen, eta langabezian geratu ziren askok eskualdean bertan aurkitu dute lana denbora gutxian». Langabezian geratu ziren haietako 40 bat lagun UGLEn espezializazio-formakuntza saioetara joan direla ere nabarmendu du Salaberriak, eta horrek ere, «eragina izan du langabezia tasan, batez ere abuztutik abendura». Arcelor itxi izan ez balute, «gure langabezia tasa baxuagoa izango litzateke; Debagoinakoaren parean egon gara beti, eta han %10,1eko tasarekin itxi dute 2016a».